Bizilekuen Tokiko Programa onetsi du Euskal Elkargoak

Bideokonferentziaz egin dute Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, osasun egoeraren ondorioz. 630 milioi euroko aurrekontua onartu dute hautetsiek, inbertsiorako 160 milioi euro atxikita

EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia izan zen atzo. Martxoaren 20an hautetsien erdiekin antolatu ondotik, osoki bideokonferentziaz bildu ziren 232 hautetsiak, beren bulegotik batzuk, sukaldetik besteak. Konexio arazoek, pizten ez ziren mikroek eta komunikazio zailtasunek girotu zuten batzarra, azkenaldian asko luzatu ohi den saioa are gehiago konplikatuz. «Entzuten nauzue?» izan zen gehien errepikatutako esaldia, arazo teknikoek baldintzatutako hitzartzeetan. Sei orduko bilkuran, 2021. urteko aurrekontua onartu eta azken hilabeteetan polemika sortu duen BTP Bizilekuen Tokiko Programa onetsi zuten.

Iazko otsailean onartu zuten lehen aldiz ondoko sei urteetan bizilekuek izan behar duten bilakaera finkatzen duen dokumentua. Iazko udazkenean jasotako herriko etxeen iritzi eta ekarpenekin moldatu dute programa. Besteren artean, bizitegi sozialen emendatzea, Lapurdi kostaldean eraikuntzak apaldu eta barnealdeko lurraldeetan emendatzea, eta bigarren etxebizitzen apaltzea aurreikusten du. Hala ere, aski ez delakoan, kritika andana jaso ditu azken hilabeteetan, eta EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo Elkargoaren egoitza aitzinean, «anbiziozko etxebizitza politika bat» aldarrikatzeko. Ehun bat pertsona batu ziren. Programaren kontra edo zuri bozkatzeko eskatu zieten hautetsiei orain dela bi aste.

Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kideak nabarmendu zuen Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herri mailako gogoeta eramateko modua ematen duela, eta hori dela lehen aitzinamendua. Hala ere, abstentzioaren alde egin zuen, lur jabetzaren gaiaren eta nagusigo publikoaren erronka azpimarratuta. Etxe hutsen eta bigarren etxebizitzen auziaz ohartarazi zuen. Bizilekuen Tokiko Programaren (BTP) aurreikuspenen arabera, 2026rako 14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxebizitza izanen dira Ipar Euskal Herrian. «Gaur egun atxiki den gidoiak ez digu uzten Ipar Euskal Herriko etxebizitza merkatua sartua den zirkulu zikoitzetik ateratzen. Gehiegi eraikitzen dugu, eta ez dugu aski ekoizten eta eraberritzen». Eraikuntzetan «pausa bat» egin behar dela erran zuen Mixel Esteban Baionako hautetsiak ere. Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapezak kezka agertu zuen biztanleriaren emendatzearen ondorioz berea bezalako hiri txikiek izan dezaketen bilakaerari buruz. Egoitz Urrutikoetxea Lexantzuko (Zuberoa) hautetsiak ebatzi zuen BTPk ez diola erantzuten Ipar Euskal Herriko etxebizitza arazoari. Lurralde antolaketa orokorrean pentsatu behar dela erran zuen, etxebizitzaren kontzentrazioa Lapurdi kostaldean gertatzen dela azpimarratzen den gisa berean, zerbitzuen kontzentrazioa ere eremu berean dela ohartarazita. «Barnealdean zerbitzuak eskas ditugu».

«Bai, eraiki behar da»

Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak ohartarazi zuen azken urteetan eraiki diren etxebizitzen %75 Baiona eta Angelu artean eraiki direla. «Ezin du gehiago iraun». Lurren saltzeari buruz «batzuek» egiten duten salaketari erantzun nahi izan zion. «Hemengo herritarrek saltzen dute lurra; inork ez ditu behartzen. Bihar lur bat saltzen badugu, hemengo gazteei pentsatuko dugu? Joanen gara bizitegi sozialez arduratzen diren egituretara? Ez. Eta humanoa da», adierazi zuen. «Bai, eraiki behar da», ondorioztatzeko.

Euskal Elkargoan bizilekuen ardura duen Roland Hirigoien Mugerreko (Lapurdi) auzapezak programa babestu zuen, «konponbideak» aurkitu behar direla adierazita. «Nahiago dut egingarria den BTP bat egin, anbizioduna eta errealista, gauzatu ezin diren neurriak hitzeman baino». Tokiko hirigintza planetan eragiteko beharra azpimarratu zuen. Bat egin zuen bere hitzekin Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapezak.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak erran zuen ez dagoela «gustura» BTPk egiten duen diagnostikoarekin, baina haren garrantzia azpimarratu zuen: baliabideak lortzea egoerari aurre egiteko. «Ahal dugun guzia egiten dugu gauzak aitzinarazteko. Deklarazio politiko bat da, helburuak finkatzea. Ardura herriena da: eraikuntza baimenak eta hirigintza zertifikazioak auzapezek ematen dituzte».

630 milioi euro 2021erako

630 milioi euroko aurrekontua izanen du Euskal Hirigune Elkargoak, horietako 166 milioi inbertsiorako. Zergak emendatzea aurreikusi dute; lur zerga, esaterako. Hori kritikatu zuen Peio Etxelekuk, «krisi ekonomiko larri eta iraunkor baten hasiera» dela ohartarazita. Kanboko (Lapurdi) hautetsia enpresaburua ere bada. «Fiskalitate tasa batzuk azkarki emendatuz, Elkargoak arriskuan ematen ditu suspertze ekonomiko eta ekologikoaren, eta enpleguaren aldeko indarrak», deitoratu zuen. Funtzionamendu gastuak «optimizatu» eta inbertsio mailan lehentasunak zorroztasunez emateko eskatu zuen. Oroitarazi zuen «batek baino gehiagok» egin duela Elkargoaren orain arteko antolaketari eta inbertsioei buruzko audit bat egiteko eskaera, eta ondoko urteetarako eginak diren finantza aurreikuspenak «kezkagarriak» direla ebatzi zuen.

Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapezak «tentsioak» aipatu zituen, jendea «zainetan» dela. «Urtez urte eskumenak hartu dira, ebaluaziorik gabe». Ideia bera plazaratu zuen Mathieu Berge Baionako hautetsiak ere: «Gehiago izan nahiko genuke, baina hirigune elkargo bat besterik ez gara». Azken hiru urteetan instituzioak bere egin dituen 21 eskumenak zerrendatu zituen. «Posible ote da eskumen horiek guziak anbizioz eramatea hain aurrekontu hertsiarekin, lehertzen ari diren funtzionamendu gastuekin, inbertsio gaitasun murriztuarekin?», galdetu zuen. «Gure helburua ekitea eta eragina izatea bada, argiki, ez», ebatzi zuen. Hautetsiei txeke zuri bat izenpetzeko eskatzen dietela erran zuen, zerga sistema berrikusteko eta eskumenei buruz audit bat egiteko eskatuz.

Elkargoaren perimetroa eta eskumenak zalantzan jartzea gaitzetsi zuen Joseba Erremundegi Baionako hautetsiak, denak egiturazkoak direla kontsideratuta. Aurrekontuak horri erantzuten diola baieztatu zuen, erranez ezinbestekoa dela anbiziozko proiektu bat aitzinera eramateko. Defentsa bera egin zuen Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko Finantza eta Aitzinkontuen lehendakariordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.