Bizilagunekin plataformaren ustez, 2030eko munduko futbol txapelketak «turistifikazioa» areagotuko du

Diotenez, Donostia egoitzatzat aukeratu izanak «ondorio lazgarriak» ekarriko dizkie herritarrei. Donostia «desazkunde turistikorantz» bideratzeko deia egin dute.

Turistak Donostiako udaletxearen aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Turista batzuk, Donostiako udaletxearen aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko abenduaren 30a
17:00
Entzun

Bizilagunekin plataformaren ustez, Donostia 2030ean jokatuko den munduko futbol txapelketako egoitzetako bat izatea «industria turistikoaren eta higiezinen espekulazioaren mesedetan» hartutako erabaki bat izan da, eta hiriaren turistifikazioa areagotuko du. Horregatik, eta erakunde publikoek izendapena «hiriaren lorpen kolektibotzat» aurkeztu arren, horren atzean dagoen sakoneko arrazoia «batzuen etekin ekonomikoa» da, plataformaren aburuz.

Bizilagunekin plataformak ohartarazi du ekitaldi horrek «ondorio lazgarriak» ekarriko dizkiela herritarrei: diotenez, etxebizitza larrialdia «okerragotu» egingo du, turismo jardueraren «hazkundea» eta hiri esparruaren «merkantilizazioa» ekarriko ditu, «garraio azpiegitura jasangaitzak» garatuko ditu, eta herritarren bizimodua baldintzatuko duten neurriak sustatu.

Horregatik, plataformako kideek uste dute «donostiarren bizi baldintzen aurkako beste eraso bat» datorrela futbol txapelketaren aitzakiatan. Azken urteetan «berebiziko hazkundea izan duen bisitari kopurua» are gehiago handituko dela aurreikusten dute. Horrekin batera, turisten harrerarako eta kudeaketarako azpiegitura eta baliabideak ere handituko direlakoan daude, eta uste dute turismoari «zentralitate are handiagoa» emango zaiola hiriko eredu ekonomiko eta sozialean.

Gainera, haien ustez, futbol txapelketaren aitzakiapean «turismoa sustatzeko estrategia publiko eta pribatu bat» jarriko dute abian: «Hiriko baliabideak sektore turistikoaren mesedetan jarriko dira, eta argi dago horretan donostiarrak galtzaile aterako garela».

FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak egindako txosten bat aletu du plataformak bere susmoen oinarri gisa. Txosten horretan, Marokok, Portugalek eta Espainiak batera aurkeztutako hautagaitza aztertu zuen FIFAk, eta ondorioztatu Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela txapelketaren garaian, eta Miarritzek eta Baionak hartu beharko dituztela Donostiara joandako hainbat bisitari. Gainera, «etxebizitza parkea negozio turistikora bideratzea» proposatzen dute.

Plataformaren ustez, ez da arrazoizkoa antolatzaileek «masifikazioa eta saturazioa» aurreikustea lehenagotik ere «turistifikazio arazo larria» duen lurralde batean eta, hala ere, erakunde publikoen kudeatzaileek ekitaldi horren alde egitea.

Hiria salgai

Bizilagunekin plataformaren ustez, beharrezkoa da «zentralitatea turismoa ez den beste sektore batzuetara bideratzea» eta hiria nazioartean sustatzeko estrategia guztiak bertan behera uztea. Aitzitik, «hazkunde turistikoaren aldeko indarraldiak» bere horretan jarraitzen duela uste dute: «Hiria salgai jarrita eta donostiarren bizimoduei eraso eginez aberasten ari dira batzuk, eta turistifikazio estrategiak bultzatzen jarraitzen dute, hipokrisia erakustaldiak egin bitartean».

Plataformak dei egin du Donostia «desazkunde turistikorantz» bideratu eta hiri eredua aldatzeko, «herritarren beharrak» lehenetsita: «Ez dugu gure aurkako golik ospatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.