Bizilagun gehiago kaleratuko ditu Azora putre funtsak Donostian

Ategorrieta hiribideko beste eraikin bateko bizilagunak bota ditu. Putre funts horrek Donostiako 300 etxebizitza erosi ditu azken urteetan, Gros eta Amara auzoetan

Saretxe Groseko etxebizitza sindikatuak atzo antolatutako elkarretaratzea, hustu duten atartearen aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Donostiako Ategorrieta hiribideko 45. ateko bizilagunei ostegunean bukatu zitzaien etxea uzteko epea. Azora putre funtsak erosi du eraikina, kale horretako beste dozenaka eraikinekin batera, eta alokairua %33 igo zuen iaz. Maizterrek ezin diotenez aurre egin igoerari, kaleratze agindua bidali diete bizilagunei. Atzo elkarretaratzera deitu zuten Saretxe Gros auzoko etxebizitza sindikatuak eta Hondarpe Groseko auzo elkarteak, etxegabetzea atzo bertan izango zelakoan. Ez zen kaleratzerik izan azkenean; sindikatuak azaldu zuen putre funtsak nahiago dituela «kaleratze isilak», eta hemendik aurrera noiznahi bota ahal izango dituela bizilagunak etxetik.

Ez da Donostian Azorak herritarrak etxetik bota arte estutu dituen aldi bakarra; sindikatuak atzo salatu zuen azken hilabeteetan ia ehun familia etxegabetu dituela putre funtsak Gros auzoan. Enpresek eta partikularrek ordaindu ezin dituzten zorrak erosi ohi dituzte funts horiek, eta horrekin batera, enpresa horien finantza aktiboak eskuratzen dituzte —titulu horrek saltzaileak etorkizunean izan ditzakeen diru sarrerak jasotzeko eskubidea ematen dio erosten duenari—. Ohikoa da orduan merkatuan duten balioa baino gutxiago ordaintzea; hala, horien balioa igotzen denean, garestiago saltzen dituzte: horiekin espekulatzen dute.

Donostian, esaterako, Inmobiliaria Vascongada izeneko higiezinen enpresa erosi zuen Azora putre funtsak 2020an, eta, beraz, enpresa horren bidez alokatutako etxebizitzetako jabeak behartuta zeuden aurrerantzean alokairua Azorari ordaintzera. Funtsak alokairuen prezioa nabarmen igo ohi du, maizterrek ordaindu ezin duten arte. Hain zuzen, Azorak bizilagunei alokairuaren prezioa %33 igo diela salatu zuen atzo Saretxek. Etxeak hustu ondoren, horiekin espekulatu, eta saldu egin ohi dituzte, edo bestela, Donostiaren pareko hiri turistikoetan, ohikoa da etxe turistiko bilakatzea.

Ategorrietako 45 zenbakiko etxebizitzaz gain, Inmobiliaria Vascongada erosita, Gros eta Amara auzoetako 300 etxebizitza ere bereganatu ditu Azorak. Saretxe taldeko kideek atzo salatu zutenez, «etxegabetze isilak» ohikoak dira. Bizilagunek ez dutenez nora jo, etxea uztea beste aukerarik ez zaie geratzen. Gainera, Azora ez da Donostian esku hartu duen lehen putre funtsa. 2018. urtean, Blackstone funtsak Benta Berriko babes ofizialeko etxeak erosi zituen, eta Alokairu plataformak eta bizilagunek askotan salatu dute «espekulatzen» dabilela han bizi diren 540 familien etxebizitzekin.

Baina zer egin dezakete instituzioek auzi honetan? Donostia etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zuten 2015. urtean, baina orduz geroztik ere izan dira putre funtsek egindako kaleratzeak. Hain zuzen, izendapen horrekin batera, etxegabetzeen aurkako bitartekaritza protokoloa indarrean sartu zen, eta udalbatzak konpromisoa hartu zuen kaleratze arriskuan dauden familiei laguntza programa eskaintzeko, baita aholkularitza zerbitzua emateko ere. Hala eta guztiz ere, oposizioko taldeek eta etxebizitzaren arloko Donostiako zenbait eragilek hainbat aldiz salatu dute protokolo hori ez dela aplikatzen.

Bestalde, azaroaren 14an Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza zinegotziak (EAJ) jakinarazi zuenez, Azorari ohartarazi zion ezingo duela aldatu bere esku dituen jabetzen erabilera: «Bizileku gisa soilik erabili ahalko dira, eta ezingo dira baliatu hotelak edo etxe turistikoak egiteko». Egun berean, Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko orduko eledunak adierazi zuen zortzi bizilagunek jaso zutela etxea urte amaierarako uzteko agindua. Horren harira, esan zuen udalak «bere konpromisoa» bete zuela, eta bitartekaritza lanetan ari zirela Azorarekin, alokairuei bere hartan eutsi ziezaien.

Egun batzuk geroago, azaroaren 25ean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek udalbatzarrera eraman zuten Donostiako Kaleratzeak Stop plataformak aurkeztutako mozio bat. Plataformak salatu zuen beste zortzi familiari eman ziela Azorak urtea amaitu baino lehen etxea uzteko agindua. Udalak, gainera, argitara eman zuen Azorak ordu hartan Donostian hutsik zeuzkan etxeen kopurua: 23. Mozioan, udalari eskatu zioten Azorarekin bitartekaritza lana egin eta kaleratze horiek gelditzeko; «Donostian etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazio publiko guztiekin egin beharreko bilera guztiak egiteko, Donostiak alokairuko etxebizitzen merkatuko prezioa mugatzeko»; eta lantalde bat abian jartzeko, «alokairuko etxebizitzen prezioaren erreferentzia indizeak zehazteko».

Geltokien jabe

Espainiako Estatuko putre funts handienen artean hirugarrena da Azora; 20.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu, eta, hainbat eragilek salatu dutenez, etxeak erosi ondoren, ordainezin bilakatu arte puztu ditu alokairuak.

Besteak beste, Herrialde Katalanetan aurre egin diote Azorari. Bartzelonako epaitegi batek arrazoia eman dio putre funtsa salatu zuen bizilagun bati, eta abusuzko klausulak ezartzea egotzi zion Azorari. Euskal Herrian ere jabetza ugari erosi ditu jada; azkenak, diru publikoarekin eraikiak eta orain Azorak kudeatzen dituenak: Donostiako autobus geltokiaren kudeaketaren %51 eskuratu zuen uztailean, eta, duela aste batzuk, Amenabar enpresari erosi zion Bilboko Intermodal geltokiaren kudeaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.