Bizikleta, tren azkarraren aurka

Hego Euskal Herria zeharkatuko dute AHTaren kontra.Gizarte eredua aldatzeko eskatuko dute

Txirrinka bizikleta martxaren aurkezpena, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / ARP.
Donostia
2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
AEKren Korrika egitasmoak bi hanken gainean zeharkatzen du Euskal Herria, euskararen alde. Ideia hori hartu, eta oinak gurpilekin aldatuta, azpiegitura proiektu handien aurka Txirrinka bizikleta martxa antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanak, Euskal Herriko beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. Hego Euskal Herria zeharkatuko dute, lau zutabetan banatuta, maiatzaren 20tik 22ra. Azpiegitura horiek egiteko erabilitako baliabideak «jendearen zerbitzura» jartzea eta gaur egungo sistema soziala eraldatzea galdegingo dute. Atzo aurkeztu zuten martxa, Donostian.

Antolatzaileen esanetan, «lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema irauli egin behar da». Eta hori galdegiteko zeharkatuko dituzte lau lurraldeak, txandaka. Zutabe bakoitzak bere lekukoa eramango du, eta barruan, mezu bana.

Gasteiztik, Muskiztik (Bizkaia), Hendaiatik (Lapurdi) eta Iruñetik abiatuko da zutabe bakoitza: Bergarako (Gipuzkoa) Angiozar auzoraino. Ekitaldi nagusia Bergaran egingo dute, eta han irakurriko dituzte lekukoetan eramandako mezuak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azken urteotan azpiegitura handien plangintza eta eraikuntza «modu amorratuan» egin da Euskal Herrian: «Jendartearen behar oinarrizkoen gainetik hormigoiaren politika inposatu da. AHT, Garoñako zentral nuklearra, francking proiektuak, erraustegiak, goi tentsioko lineak, urtegiak, ubideak eta abar egiteko euskarria baliabide naturalak eta ekonomikoak izan dira, eta ingurua, berriz, hondakindegia».

Txirrinka egitasmoan «Euskal Herriko proiektu txikitzaileen aurkako erresistentzien mapa» ere aurkeztuko dute, «lurralde bakoitzeko iraganeko eta oraingo borroken isla» izango dena. Martxa egin baino lehen, apirilaren erditik aurrera, hainbat ekintza antolatuko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan lekuan lekuko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.