Bizikleta martxa egin dute Bizkaian armagintzaren eta gastu militarren aurka

Talde antimilitaristek eta ekologistek antolatu dute. Armagintzan aritzen diren euskal enpresak alor zibilera pasa daitezela galdegin dute

Txirrindulariak Bilboko kaleetan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Zenbait talde antimilitaristak eta ekologistak antolatuta, 14. Bizikleta Martxa egin zuten atzo Bilbon eta inguruetan, gerraren, gastu militarraren eta armagintzaren aurka. Aurtengo mobilizazioaren eskaera nagusia izan da armagintzan aritzen diren euskal enpresakarlo zibilera pasa daitezela, armen ekoizpena albo batera utzita, eta instituzioek armagintzara bideratzen dituzten diru laguntzak xede horretarako erabil ditzatela.

11:00etan bildu ziren txirrindulariak Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean. Han pankarta bi zabaldu zituzten, Gerra hemen hasten da eta Gerrarik ezleloekin, armagintzaren kontrako eskuorriak banatzen zituzten bitartean.

Kakitzat taldeko bozeramaile Luis Garciak azaldu ditu protestaldiaren arrazoiak. Esan duenez, armagintza industria indartsua da Euskal Herrian; esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 750 milioi euro fakturatzen du urtero. Industria hori zibil bilakatzea galdegiten dute: «Ez dugu lanpostuak suntsitzea proposatzen. Enpresa horiek badute teknologia nahikoa behar diren egokitzapenak egiteko, eta, gainera, instituzio publikoen diru laguntzak jasotzen dituzte. Diru hori trantsizioa egiteko erabil daiteke».

Gastu militarra ere salatu du Garciak. Esan duenez, Espainiako Gobernuak 22.000 milioi euro bideratu ditu gastu militarretara, eta, gainera, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarri du datorren urtean gastu hori 6.500 milioi euro handituko dutela, eta beste 10.000 milioi euro erabiliko dituztela ehiza hegazkinak, misilak, itsaspekoak eta antzekoak erosteko: «Gastu militarretan xahutzen den dirua ez doa zaintzetara, hezkuntzara edo osasungintzara, eta pandemiak erakutsi digu beharrak arlo horietan daudela».

Gerra arbuiatzeko ere erabili dute mobilizazioa: «Orain badirudi gaiak gaurkotasuna hartu duela Ukrainako gerra gertu dugulako, baina ezin dugu ahaztu gaur egun munduko 55 herrialdetan daudela gatazka militarrak».

Geldialdiak enpresetan

11:20an abiatu ziren txirrindulariak Foru Aldundiaren egoitzatik, euripean eta atzetik antolatzaileen furgonetak jarraitzen ziela. Bilbotik Barakaldora (Bizkaia) joan ziren, eta han geldialdia egin zuten ITP Aero enpresaren egoitzaren aurrean.

Antolatzaileek esan dutenez, enpresa horren negozioaren %29 armagintzaren arlokoa da, eta parte hartzen du Airbus A400M garraio militarraren eta Eurofighter gerra hegazkinaren ekoizpenean.

Barakaldotik Portugaletera joan ziren txirrindulariak, eta han Bizkaiko Zubia hartu eta Getxora jo zuten. Getxoko Sener enpresaren egoitzaren aurrean amaitu zuten ibilaldia. Martxaren antolatzaileek azaldu dutenez, Europako enpresarik garrantzitsuenetako bat da Sener ingeniaritza aeroespazialaren arloan, eta haren jardueraren ataletako bat da misilen eta bestelako armen osagaiak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.