Bizikleta martxa bat Bilbotik Getxoraino, «eusko labeldun industria militarra» salatzeko

Hilaren 26an eginen dute Gerraren, Gastuaren eta Industria Militarraren aurkako XVII. Bizikleta Martxa, Bizkaiko kolektibo antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek deituta.

Industria militarraren aurkako bizikleta martxa aurkeztu dute gaur, Bilbon. BERRIA
Industria militarraren aurkako bizikleta martxa aurkeztu dute gaur, Bilbon. BERRIA
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 23a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Pedalei eraginez salatuko dute gastu militarra inoizko azkarren ari dela hazten, eta industria horren atzean «Euskal Herriko enpresak eta instituzioak» daudela. Zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak deituta, larunbat honetan eginen dute Gerraren, Gastuaren eta Industria Militarraren aurkako XVII. Bizikleta Martxa. 10:30ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregitik abiatuko dira manifestariak, eta bi enpresatan eginen dute protesta: Barakaldoko ITP Aero lantegian eta Getxoko Sener enpresan —han bukatuko da martxa—. Antolatzaileen esanetan, bi horiek dira «Bilbo Handiko arma fabrika garrantzitsuenak».

Gaur aurkeztu dute mobilizazioa Biziz Bizi, Biraka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak elkarteek, Bilbon. Kasko, maillot eta kulotak jantzita, antolatzaileek azaldu dute, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko 206 enpresa ari direla ekoizpen militarraren sektorean lanean, eta 6.000 milioi euro fakturatzen dituztela urtean. «Espainiako Estatuan [industria militarrean] gehien fakturatzen duten autonomia erkidegoen artean hirugarrena da EAE, Madrilen eta Andaluziaren atzetik», esan dute.

Kolektibo antimilitaristek salatu dute, gainera, erakunde publikoek «gero eta inplikazio handiagoa» dutela armagintzaren sektorean. Larritzat jo dute hori, batez ere, «osasungintzan, pentsioetan, berdintasun politiketan, gizarte prestazioetan eta etxebizitza duina eskuratzeko aukeretan ezarritako murrizketekin alderatuta».

Uste dute egungo egoera geopolitikoak eta gastu militarraren goraldiak bultza egiten diela «armadaren aurkako borrokan» segitzera: «Gastu militarraren, NATOren eta halako egituren aurka, industria militarra zibil bihurtzearen alde, eta Eusko Label bidezko armen fabrikazioaren eta esportazioaren aurka».

Konplizitatea Israelekin

Bizikleta martxaren antolatzaileek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren jokabidea; esplikatu dutenez, «ehun milioi euroren diru laguntza» onartu baitu Euskal Herriko armagintza enpresentzat. «Kontuan izan behar da euskal armagintza enpresek harremanak dituztela Israelgo industria militarrarekin, armak, aeronautika eta misilak fabrikatzeko. Arma eta misil horiek sistematikoki erabiltzen dituzte Palestinako herria sarraskitzeko».

Elkarte antimilitaristek gehitu dute EAEko ekoizpen militarraren zatirik handiena —%80— erabiltzen dela «Israelgo, Saudi Arabiako, Marokoko, Mexikoko, Brasilgo, AEBetako eta Espainiako defentsa eta indar armatuak hornitzeko», eta urtetik urtera 150 milioi euro inguruko irabaziak dituela.

Horregatik, hilaren 26ko bizikleta martxaren bitartez, zera eskatuko dute: Euskal Herriko industria militarra «industria zibil» bihur dadila. Orbea enpresa jarri dute horren adibidetzat: «Bere garaian pistolak, errebolberrak eta askotariko arma laburrak fabrikatzen zituen; gaur egun, bizikletak egiten ditu, eta bizimodu osasungarria eta lagunkoia sustatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.