«Oinarrizko eskubideen interpretazio murriztailea» egin, eta botere judizialak bat egin du Bilboko Udalarekin. 70 eragile politiko, sozial eta sindikalek baino gehiagok osatzen dute Kalea Guztiona Da plataforma, eta diagnostiko hori aurkeztu zuen atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak joan den astean hartutako erabakiaren haritik: espazio publikoaren erabilera arautzeko udalak 2010eko irailean onartutako ordenantzaren aurkako helegitea atzera bota zuen auzitegiak, «interpretazio doktrinarioz eta zentsura ideologikoz» bustita zegoelakoan. Kolektiboak balorazio argia egin du: «Epaiak agerian utzi du botere judizialak eta udal gobernuak ikusmolde berdina dutela bizikidetza sozialaz eta espazio publikoaren edo kalearen erabileraz».
Izatez, eragileek planteatutako argudioak haiei egotzitako «interpretazio doktrinario eta zentsura ideologikotik» aztertzea leporatu diete epaileei. Hau da, «ikuspegi ideologiko jakin bat» bere gain hartzea, espazio publikoaren erabileraz eta instituzioen arautzeko ahalmenaz ebazteko: «Epaitegiak bere egin du udalaren jarrera, jarduera sozial, ludiko eta aldarrikapenezkoak guztiz arautzeko eta aurrez kontrolatzeko beharrari dagokiona, eta hor kokatzen du araubidea, nahiz eta kontrako balioak defendatzen dituela esan».
Ordenantza martxan jarri zenetik bi urte betetzear daude, eta «ehunka kexa» jaso dituztela berretsi dute taldeek. Hala ere, araudia bilakatu egin da, aplikazio eremuari dagokionez. Hasieran «ahulenen kontra» erabili zutela azaldu dute taldeek, hau da, prostituzioa, kaleko salmenta eta kaleko edana zigortzeko. Azkenaldian, berriz, «aldarrikapenerako zein gozamenerako» ekimenak debekatzeko baliatu du udalak ordenantza, eragileon arabera.
Adibidez, Bilboko Konpartsek edo Ez Irentsi kolektiboak antolatutako jarduerei ez die baimenik eman, interes publikorik ez dutela argudiatuta, «herritarrei eragozpenik sortuko ez zieten arren, eta espazio publikoaren erabilera berezirik egingo ez zuten arren». Uribarri Egunarekin eta Zorrotzako Astearekin atzera egin zuen udalak, auzootako eragileek aurrera jarraitzen zutela ikusita, baina asteburu honetan oraindik ez dakite Bilbo Zaharreko jaietako azoka alternatiboa egin ahal izango duten.
Kalea Guztiona Da taldeak uste du «aldarrikapena eta gozamena kaleetatik atera» egin nahi duela udalak. «Hori oso urrun dago auzitegiak inozoki aipatzen dituen irizpide 'logiko, tekniko edo esperientzia komuneko' horietatik'. Udala ez da errespetatzen ari auzitegiak ordenantza berrestean ezarritako aplikazio esparrua».
Helegiterik ez, eztabaida bai
Hori dela eta, espazio publikoaren erabilerari buruzko eztabaida soziala egin beharra nabarmendu kolektiboak. Ordenantzaren kontra segituko dutela berretsi baitute taldeek: «Ez ditugu onartuko herritarron eskubideak murrizten dituzten debeku arbitrario eta bidegabeak». Dena den, kasazio helegiterik ez du aurkeztuko plataformak, ondorioztatu duelako eztabaida ez dela juridikoa, baizik eta bizikidetza soziala ulertzeko moduaren ingurukoa, «askatasunaren eta errespetuaren ikuspegitik, ala debekuaren eta murrizketaren ikuspegitik». Eta, esan dutenez, hor bai, «hor borrokan jarraituko dugu».
Bizikidetzaz ikuspegi berdina izatea egotzi diete eragileek udalari eta botere judizialari
Espazio publikoaren ordenantzaren kontrako helegitea atzera bota izana gaitzetsi du Kalea Guztiona Da taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu