Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Aldeko Planak hiru atal nagusi ditu, eta, horien barruan, hamalau ekinbide daude. Hauek dira Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan martxan jarriko dituen neurri esanguratsuenak:
Indarkeriaren amaiera ordenatua
ETAren armagabetzea. ETAren behin betiko armagabetzea, desegitea eta desagertzea lortzeko prozesua babestea eta laguntzea.
Iraganaren gogoeta kritikoa. Indarkeriaren eta giza eskubideen urraketei buruzko gogoeta kritikoa sustatzea gutxieneko etiko batean oinarrituta.
Iragana argitzea. Egiaren Mapa osatzen laguntzea, ezer parekatu gabe eta inor kanpoan utzi gabe. Halaber, aurreko legealdian hasitako azterlanak bukatuko dira.
Bizikidetza normalizatzea
Biktimak. Biktima guztiei aitortza eta ordaina emateko prozesuak osatuko dira. Terrorismoaren Biktimen Legean jasotako politikak bultzatuko dira, eta Poliziaren Biktimen Legea garatuko da. Horrekin batera, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Europako Eguna urtero egingo da.
Espetxe politika. Bizikidetzaren normalizazioarekin bat datorren espetxe politika bultzatuko da urtea amaitu aurretik. Proposamen berriak ordenamendu juridikoa izango du oinarri. Halaber, Europan zabaltzen ari den justizia leheneratzailearen ildotik, presoak gizarteratzeko politikak arautzeko dekretua onartuko du 2019. urtea baino lehen.
Bizikidetzaren erronkak
Aniztasunaren kudeaketa. Besteak beste, Jaurlaritzak gurtza zentroei buruzko lege bat onartuko du datorren urtean.
Elkartasuna sustatzea. Urtea amaitu aurretik, sailen arteko organo bat sortuko du, giza eskubideak urratzeko arrisku larria duten egoerak antzemateko.
Nazioarteko ekintza. Euskal kasutik ateratako esperientziei buruzko oinarrizko dokumentu bat prestatuko da, beste testuinguru batzuekin alderatzeko. Nazioarteko programetan parte hartzen eta nazioarteko instituzioekin lankidetzan arituko da gobernua.
BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN PLANA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu