«Bizikidetzaren aurkako erasotzat» jo dute Gasteizko urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari ematea

Memoria Osoa plataformak salatu du «umiliagarria eta iraingarria» dela erakunde publiko batek biktimen «diskriminazioa eta bazterketa» bultzatzen duen zentro bat saritzea. Udalak astelehenean banatuko du saria.

Memoria Osoa plataformaren agerraldia, gaur, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Memoria Osoa plataformaren agerraldia, gaur, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2024ko abuztuaren 2a
14:54
Entzun

Gasteizko Udalak hiriaren urrezko domina emango dio datorren astelehenean Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari; Maider Etxebarria alkateak egin zion proposamena udal batzarrari, eta EH Bildu ez gainerako taldeen oniritziarekin aurrera egin zuen. Memoria Osoa plataformak erabakia arbuiatu du, «bizikidetza eraikitzetik aldentzen» duela iritzita.

Estatu indarkeriaren biktimek eta memoria historikoko hamabost elkartek osatzen dute Memoria Osoa plataforma, eta gaur agerraldia egin dute Gasteizen, udalaren erabakiari erabateko gaitzespena agertzeko. «Umiliagarri eta iraingarri» deritzote erakunde publiko batek biktimen «diskriminazioa eta bazterketa» bultzatzen duen zentro bat saritzeari, eta salatu dute «bizikidetzaren aurkako erasoa» dela.

Memoria Osoa plataformaren izenean, Nerea Martinezek adierazi du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak «egiari eta indarkeriari» buruzko kontakizun ofiziala «inposatu» egiten duela eta, interes politiko eta ideologiko jakin batzuen arabera, biktima batzuen existentzia ukatzen duela. Horrekin batera, estatu indarkeriaren egileen «zigorgabetasuna» bermatzea ere leporatu dio zentroari.

Hargatik, erabateko arbuioa agertu dio Gasteizko Udalak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren izaera «baztertzailea eta diskriminatzailea» saritzeko hartutako erabakiari: «Euskal gizarteak, bere aniztasunetik, elkarbizitza eraikitzeko prozesuaren inguruan adierazi duen espiritu eta bokazioari kontrajartzen zaio».

«Erabakiak biktimen arteko mailaketak sortzen ditu, eta ez dio ekarpenik egiten elkarbizitzari»

NEREA MARTINEZ Memoria Osoa

Plataformaren ustez, elkarbizitzaren oinarri izan behar dute biktima guztien sufrimenduarekiko errespetuak eta pertsona guztien giza eskubideekiko konpromisoak, baina udalaren erabakia kontrako bidean doa: «Biktimen arteko mailaketak sortzen ditu, eta ez dio ekarpenik egiten elkarbizitzari».

Euskal Herriko garai historiko ezberdinetan biolentzia ugari izan dira, eta bortxa horiek eragindako biktimen artean estatuarenak ere badira, plataformakoek gogora ekarri dutenez. Eta indarrean diren hainbat legeren arabera, biktima horiek aitortza jasotzeko eskubidea ere badute, oroitu dutenez. «Frankismoan, trantsizioan eta ustezko demokrazian estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimek aitortza ofiziala jasotzeko prozesu batean murgilduta jarraitzen dugu, hainbat legeren bidez», gogora ekarri du Martinezek.

Aitortza eta erreparazioa, luze gabe

Plataformaren iritziz, botere publikoek aitortzaren bidea bultzatu eta erraztu beharko lukete, oraindik ere milaka biktimak ez dutelako aitortza publiko eta ofizialik. Era berean, uste du egoera hori «anomalia demokratiko» baten isla dela, eta agerian uzten duela giza eskubideen urraketaren biktima guztien aitortza, erreparazioa eta ikusgarritasuna «salbuespenik gabe» eta luze gabe egin beharra dagoela.

«Anomalia demokratikoa da oraindik ere milaka biktimak aitortza publikorik eta ofizialik ez izatea»

NEREA MARTINEZMemoria Osoa

Horrekin batera, bi aldarrikapen egin dituzte gaurko agerraldian. Batetik, eskatu dute martxan jar ditzatela giza eskubideen urraketa oro barne hartzen dituen «memoria integral» batean oinarritutako dinamikak. Eta, bestetik, «bazterketarik gabeko elkarbizitza» eraikitzen jarraitzea galdegin dute. Horretarako, ezinbesteko iritzi diote oraindik aitortza ofizialik jaso ez duten milaka biktimaren aitortza ofiziala eta ikusgarritasuna lortzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.