ETAren eta polizia indarkeriaren biktimak oroitzeko eskultura multzo bat inauguratu dute Bilbon

'Atalase' eskultura multzoak biktima «guztiak» oroitu nahi ditu. ETAren biktima batek eta polizia indarkeriaren biktima batek inauguratu dute espazioa. Pradales han zen.

Nunez de la Parte eta Monasterio, Atalase espazioaren aurrean, irekiera ekitaldian, ordezkari politikoak entzuten dituztela. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Nunez de la Parte eta Monasterio, Atalase espazioaren aurrean, irekiera ekitaldian, ordezkari politikoak entzuten dituztela. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Kerman Garralda
Bilbo
2024ko azaroaren 18a
16:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Dori Monasteriok eta Ines Nunez de la Partek «terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak omentzeko eta oroitzeko» espazioa zabaldu dute gaur, Bilbon, Guggenheim museoaren eta Euskadi plazaren artean. Monasterioren aita, Fermin, ETAk hil zuen, 1969ko apirilaren 9an; Nunez de la Parte, berriz, Francisco Javierren alaba da; Poliziak hil zuen, 1977ko maiatzaren 30ean. Ekitaldian izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta beste zenbait ordezkari eta eragile politiko.

Altzairuzko estruktura baten inguruan marmolezko bost bankuk osatzen dute espazioa. Jose Ramon Anda eskultoreak diseinatu du, eta Atalase deitu dio. Kontatu du «gogoetarako eta topaketarako» eremu bat sortu nahi izan duela, bakea helburu.

Pradalesek gaineratu du Atalase «memoria kritikoaren» isla dela eta «ispiluaren aurrean jartzen gaituela». Sakontzeko deia ere egin du, eta gizarteari eskatu dio iragana «konplexurik gabe, diskriminaziorik gabe eta ahanzturarik gabe» kontatzeko, «itzulinguruka ibili gabe». «Bizi izan genuena transmititzea gure erantzukizuna da, datozen belaunaldien geroa dugu jokoan; izan ere, bere historia ezagutzen ez duen gizartea iraganeko akats berak errepikatzera kondenatuta egon daiteke», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.