Bizikidetzarako, ahanztura ala memoria?

Argentinako, Hegoafrikako eta Ekialdeko Timorreko egiaren batzordeen esperientziak bildu dituzte Gernika-Lumon, eta bakea, memoria eta justizia izan dituzte eztabaidagai mahai inguru batean.

Egiaren batzorde bakoitzak gatazkari nondik heldu zion azaldu zuten atzo, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Gernika-Lumo
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Maitasunagatik» batu zen Pablo Diaz Argentinako Pertsonen Desagerpenari buruzko Batzorde Nazionalera. 1983a zen, junta militarraren sasoia amaituta zegoen, eta Argentina demokrazia bat zen, baina, Diazen arabera, oraindik halako batzordeetara batzeko beldur ziren asko, jaso zitzaketen errepresaliengatik. Hala ere, Diazek bat egin zuen batzordearekin. «Kontzentrazio esparru batean Claudia Falconez maitemindu nintzelako», azaldu zuen atzo Gernika-Lumon (Bizkaia), udalak eta Gernika Gogoratuz eta Indepaz Kolonbiako Bakearen eta Garapenaren aldeko Institutuak antolatutako mahai inguruan. Munduko hiru egiaren batzordetako esperientzien berri izateko antolatu zuten: Argentinakoa, Hegoafrikakoa eta Ekialdeko Timorrekoa. Batzorde bakoitzak bere mekanismoak eta eginkizunak izanda, gatazkari nondik heldu zioten esplikatu dute bertan.

Arkatzen Gauean gertatutakoa ekarri du gogora Diazek. 1976ko irailean, Junta Militarrak hamar ikasle bahitu zituen La Plata unibertsitate hirian, eta horietatik sei «desagerrarazi». Euren gorpuak ez dira inoiz agertu. Diaz bera bahitu zuten, eta atxilotuta zegoela maitemindu zen Claudia Falconez. Kontatu duenez, autobusa hartzeko ikasle deskontua eskatzeagatik bahitu zituzten militarrek ikasle mugimenduan aktibo zeuden gazteak. 15 eta 19 urte artean zeuzkaten.

Diazen arabera, pentsamendu kritikoa edukitzea zen bahiketaren arrazoi nagusia. «Claudia Falconeren fitxan ipintzen zuen: Arrisku maila: txikia. Baina oharretan jartzen zuen antolakuntzarako gaitasuna eta pentsamendu kritikoa zeuzkala», adierazi du. Diazek zortea eduki zuen. «Bizirik atera nintzen, aitak, estortsio bahiketa batean moduan, koronel bati ordaindu ziolako gure ondarearen zati bat». Claudia Falconek ez zuen zorterik eduki. «16 urte zeuzkan bortxatu, torturatu, hil eta desagerrarazi zutenean».

Diktadura jaustean, Pertsonen Desagerpenari Buruzko Batzorde Nazionalak (bertako egiaren batzordeak) lortu zuen juntako arduradunak epaitzea. Diazek datuak eman ditu: «Argentinan, 273 sententzia izan ditugu, eta 1.078 errudun zigortu. Oraindik, 46 urteren ostean, 504 daude kondenatu barik, baina auzipetuta».

Bestelako bidea egin zuten Hegoafrikan, apartheidaren erregimena jaustean, 1994an. Kasua hurretik ezagutu duen Daniel Nina abokatu eta unibertsitateko irakasle puertorricarrak eman ditu nondik norakoak. 1960tik 1994ra artean gertatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu zituen bertako egiaren batzordeak, eta, jendearen arteko desberdintasun politikoak «gainditzea» lortu bazuen ere, desberdintasun sozioekonomikoek dirautela azaldu du: «Merezi izan zuen, baina gauza batzuk ez ziren ondo irten, eta konpondu behar lirateke». Haren berbetan, «politika publikoen aldaketarekin» eta «hezkuntza narratiba» berriekin lortu zuen Hegoafrikak «arrazakeriarekin lotutako bazterkeria eta bortizkeria» baztertzea.

Konpondu bakoak

Hegoafrikako egiaren batzordea «arrakastatsua» izan zela esaten den arren, Ninak nabarmendu du «oraindik konpondu bako desberdintasun sakonak» daudela, bertako «kapitalismo neoliberal beldurgarriaren» erruz. 21.000 biktima zenbatu zituen batzordeak, izen-abizenekin, baina Argentinakoaren eta Txilekoaren aldean, bide «oso desberdina» hartu zuen, Ninaren ustez. «Hegoafrikak atea itxi zuen; ez zuen ia inor auzipetu eta espetxeratu», esplikatu du. «Ahanztura nagusitu zen. Argentinan esaten dute debekatuta dagoela ahaztea, baina hori akats bat da jende askorentzat. Hegoafrikan gakoa izan zen. Ahaztu behar dugu komeni zaiguna, orainean bizikidetzan bizi ahal izateko».

1974 eta 1999 bitartean Indonesiako armadak Ekialdeko Timor inbaditu zuenean alde guztiek egindako krimenak ikertzea izan zen Ekialdeko Timorreko egiaren batzordearen eginkizuna. Hiru funtzio izan zituen, Jovito Rego de Jesus Araujo abade katolikoak azaldu duenez: egia bilatzea, adiskidetzea sustatzea eta etorkizuneko giza eskubide urratzeen prebentzioa lantzea. 2.000 orri baino gehiagoko txostena osatu zuten batzordean, baina estatuak ez du gomendioetako bat ere aintzat hartu orain dela gutxira arte, haren arabera Indonesiarekiko duen menpekotasunagatik.

Abadearen esanetan, menpekotasun hori dela-eta eratu zuen Ekialdeko Timorrek egiaren batzorde bilateral bat Indonesiarekin. «Ez egia bilatzeko, baizik eta arrazoi politikoengatik», zehaztu du. «Adiskidetzea egin da jada, baina egia eta justizia behar ditugu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.