Bizikidetza ariketa bat baino gehiago

Azkeneneko bi asteetan, Eraikiz zinema eta antzerki zikloa egin dute Errenterian. Izan duen «arrakasta» azpimarratu dute udal batzarreko talde guztiek; orain «herritarren txanda» dela uste dute.

Tamara Muruetagoiena, Javier Asla, Joxean Agirre eta Rosa Rodero, Gorka Espiau zuzendariarekin. J. URBE / ARP.
jokin sagarzazu
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Itzali dira antzokiko argiak. Ez dira protagonista nagusiak izan, baina egiteko garrantzitsua izan dute Errenteriako udal taldeek, guztiek, Eraikiz bake eta bizikidetzari buruzko zinema eta antzerki zikloaren antolakuntzan. «Lehen urratsa» izan da. Gehiago egongo dira; baina garrantzitsuenak «foku mediatikotik kanpo» egiten direnak izango direla nabarmendu dute: «kalekoak», hain zuzen ere.

Hasiak dira lanean, zikloan eman duten Su txikian antzezlanean bezala, «ezberdinen» arteko elkarrizketarako guneak sortzen. Zikloak eman duenarekin pozik azaldu dira udal talde guztiak; herritarrek izan duten parte hartzearekin, bereziki. «Foku mediatikoek asko baldintzatzen dituzte horrelako egitasmoak, baina Errenterian bizikidetzarako toki bat irabazi dugula uste dut», adierazi du Julen Mendoza alkateak (Bildu).

Antzeko iritzia dauka Jose Manuel Herzog PPko zinegotziak. Haren parte hartzeak eragin zuen harridura handiena. «Gure lana baino ez dugu egin», adierazi du. «Pertsonen artean gatazka bat bat baldin badago, gure egitekoa hori konpontzea da». Herzogek gogoratu duenez, EAEko PPren azken kongresuan bizikidetzaren alde urratsak egitea adostu zuten. Zinegotziaren arabera, orain, «oso giro ezberdina» nabari da bai Errenterian, bai Euskal Herri osoan, eta horrek asko «errazten» du lan hori aurrera eramatea. Hala ere, aitortu du oraindik badagoela «jende asko» errealitatea «kolore bakarrez» ikusten duena, «ezker abertzalean bereziki», baina baita bere alderdian ere.

Horren harira, Herzogek adierazi du halako egitasmo bat babestegatik eta, bereziki, Bilduko zinegotziekin batera «argazki berean» azaltzegatik, «kritikak» entzun dituela. «Nire jarrera ulertuko ez zen beldur izan naiz», aitortu du. Gisa horretako beldurrak eta «besteari» buruz eraiki diren «etiketak» gainditzeko garaia dela uste du, halere, PPko kideak. «Besteekin komunikatzen zarenean pertsona azaltzen da, eta hori gertatzen denean, elkar ezagutu, hurbildu eta, zergatik ez, akordioa ere lor dezakezu. Ez dut ulertzen nor bere kobazuloan geratzeko dagoen joera hori».

PSE-EEkoentzat ere «ez da batere erraza izan» pausoa ematea. «Oso gogorra da goizetik gauera gisa honetako urrats bat egitea». Jose Antonio Rodriguez zinegotziak gogoratu duenez, 27 aldiz erre diete Errenteriako sozialistei egoitza, eta hiletetara joateaz eta bizkartzainak eramateaz «nekatuta» daude. «Nolanahi ere, urratsak egin behar ditugu. Gure seme-alabei eta bilobei ezin diegu ondare hau utzi», azaldu du.

Mendozak ere gogora ekarri du euskal gatazkak «arrasto sakona» utzi duela Errenterian. «Alde guztietan». Horiek hala, alkateak azaldu du herrian «oso gutxitan» lortu dela «pentsaera ezberdineko eta hain jarrera kontrajarriak zituzten pertsonak» mahai beraren bueltan esertzea. «Ez balitz beste giro bat egongo, ezinezkoa izango litzateke batzuei eta besteei areto berean entzutea».

Horrekin bat datoz PPko eta PSE-EEko zinegotziak. «Garai berri honetan badago beste jende mota bat, eta haiekin lan egin dezakegula uste dugu. Errespetuz, guztiekin lan egin daiteke , eta guztiaz hitz egin daiteke», adierazi du Rodriguezek. Eta Herzogek: «Gutxika-gutxika elkarren artean ezagutuz joatea da helburua. Beldurretik errespeturako jauzia egin behar dugu».

Nolanahi ere biek ala biek uste dute denbora beharko dela «iraganeko zauriak» guztiz itxi arte. «Guk ez diogu memoriari uko egingo. Guk ez dugu inor sufriarazi. Biktima guztiak aitortu beharko dira, baina nork bere erantzukizuna aitortu beharko du», adierazi du PSE-EEkoak. PPko zinegotziak, berriz, uste du estatu indarkeriaren biktimen kontakizuna «ezagutzen» duela euskal gizarteak; berak ezagutzen duela. Oso bestelakoa da, haren iritzian, ETAren biktimena. «Ezker abertzaleko jendeak bide luzea dauka egiteko», azpimarratu du.

Sukalde lana

Emanaldi guztietan lepo bete da antzokia, eta ondoren sortutako giroa «oso berezia» izan da, Jose Manuel Ferradas Ezker Anitza alderdiko zinegotziak azaldu duenez. «Bestearen mina entzuteko aukera izan dute alde batekoek zein bestekoek, eta hori oso ona iruditzen zait». Herritarren jarrera ere txalotu du Ferradasek. «Kalean gelditu naute, eta esan didate honek ezin duela horrela amaitu, gehiago egin behar dugula».

Bilduk eta Ezker Anitzak osatutako udal gobernuak beraien helburuen artean jarri zuten bizikidetzan aurrera egitea. «Urte eta erdi honetan harremanak geroz eta hobeak izan dira», azaldu du Julen Mendoza alkateak. Aurtengo aurrekontuen negoziazioen harira sortu zen zikloa antolatzeko ideia, eta talde guztiek babestu zuten. «Indar guztiek agertu duten elkarrizketarako gaitasuna adibide on bat da instituzioetan zer egin daitekeen irudikatzeko», adierazi du EAJko Maite Peñak. «Errenterian hasi izanak badu esanahi berezi bat».

Iritzi bera dauka Rodriguezek, eta nabarmendu du Gipuzkoan bizikidetzaren alorrean alderdi guztiak «sukalde lan handia» egiten ari direla. «Alderdi guztietan daude aldekoak eta kontrakoak», ohartarazi du PSE-EEkoak; hala ere, uste du «egungo mesfidantzak» gaindituz joango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.