Bizi elkarte ekologistak Klima Egonaldia antolatuko du laugarren urtez. Kanpaldia Mugerreko (Lapurdi) Elizaberri auzoan egingo dute, irailaren 12tik 15era bitartean. Bizik azaldu duenez, «klima ekintzan eta justizia sozialean trebatzeko lau egun» izango dira, eta egitaraua askotariko jarduerekin osatuko dute: «hitzaldiak, tailerrak, modu eraginkor eta atseginean antolatzeko tresnak eta abar».
Elkartearen helburua da taldean gogoetatzea «klimaren arloko borrokari» buruz, Euskal Herriko «etxebizitza krisiari» buruz eta etorkizun jasangarri baterako «lurralde alternatibei» buruz. Era berean, esparru horietan eraldaketa bultzatzeko «mobilizazio estrategia eraginkorrak» aztertuko dituzte.
Aurtengoa urte berezia izango da, Bizik sortu zeneko hamabosgarren urteurrena ospatuko baitu. Elkarteak kanpaldia baliatuko du «Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidario baten aldeko hamabost urtez eraman mobilizazio, lortu garaipen, jorratu kanpainen ospatzeko». Taldearen ibilbideari buruzko atzera begirako erakusketa bat izango da ikusgai, eta kontzertu gaualdi bat ere antolatuko dute.
Kanpaldia interesa duen ororentzat dela nabarmendu du. «Larrialdi klimatiko eta sozialarekin kezkatuak diren herritarrei, eta gai hauei ekiteko prest direnei, ekintzak egin nahi dituzten hasiberriei edo beren lurraldean mobilizazioa garatzeko laguntza ekarri nahi duten eta gaia sakondu nahi duten Biziko ekintzaileei». Elkartearen esanetan, ikasteko parada izateaz gain, bertaratzen direnen artean loturak sendotzeko aukera ere izango da Klima Egonaldia.
Datozen asteetan egitarauari buruzko xehetasun gehiago emango dituztela iragarri dute.