25 bat militantek ekintza burutu dute larunbat goiz honetan, Biarritze erdigunean kokatzen den BNP bankuaren agentzian. Bi helburu nagusirekin mobilizatu dira ekologistak: lehena, Florent Compain, Les Amis de la Terre-ko lehendakariaren auziperatzea salatzeko. Azken hau, apirilaren 11an pasako da epailearen aurrean, Bar-le-Ducen (Frantzia-Meuse), eta bost urte presondegi eta 75.000 isun arriskatzen ditu. Bigarrenik, Jean-Laurent Bonnafe, BNP bankuko zuzendaria akusatuen aulkian jarrarazi nahi du Bizik.
Florent Compain “aulki bahitzailea” da, eta Nancyn buruturiko ekintza batengatik auziperatua izango da heldu den hilabetean. Urtarrilean, Akizen izandako Jon Palaisen auziaren antzeko kasua da. Mattin Ihidope, Biziko militanteak espero du, lehen auziaren emaitza -zuritua izan zen Palais- jurisprudentzia gisa baliatua izango dela. Horrez gain, BNP alde zibila ordezkatzera joango ez dela zehaztu du Ihidopek: “Erran nahi du hasten direla beste irudi bat eman nahian, beharbada gurekin mintzatzeko prest direla. Baina auzia beti hor dugu, beraz segituko dugu gure aldarrikapenekin”.
Bestalde, gaurko ekintzarekin BNPko zuzendaria akusatuen aulkian ezarri nahi dute ekologistek. “Zerga ihesaren txapelduna da; 200 filiala ditu paradisu fiskaletan; urtero, paradisu fiskalek 60 eta 80 miliar euroren artean kostatzen dute, eta diru hortaz gabetzen gaituzte”, adierazi du Jon Palaisek. Poliziaren esku utzi nahi izan dute Bonnafe faltsu bat: “Argi da ez dutela eraman nahi, baina ez digute ekintza egiteko oztoporik ezarri, ziurrenik horietarik asko gurekin ados baitira”.