EH Bilduk eta EAJk Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatu dute biziberritze demokratikoa bultzatzeko

EH Bilduko eta EAJko ordezkariak Felix Bolaños eta Ernest Urtasun ministroekin bildu dira gaur, Pedro Sanchezek prestatutako biziberritze demokratikorako planaz hitz egiteko. Biak prest azaldu dira biziberritze demokratikoa bultzatzeko.

Gorka Elejabarrieta eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak, Felix Bolaños eta Ernest Urtasun ministroekin, gaur, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Gorka Elejabarrieta eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak, Felix Bolaños eta Ernest Urtasun ministroekin, gaur, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko uztailaren 22a
19:50
Entzun

EH Bilduko eta EAJko ordezkariak Felix Bolaños Espainiako Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanen ministro sozialistarekin eta Ernest Urtasun Kultura ministroarekin —Sumarrekoa— bildu dira gaur, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak prestatutako biziberritze demokratikorako planaz hitz egiteko. Biak prest azaldu dira biziberritze demokratikoa bultzatzeko, baina eskakizun zehatzak egin dituzte. EH Bildu eta EAJ bat etorri dira eskari batean: Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea. Aldaketa ez aurrera ez atzera dago, tramite parlamentarioetan.

Pentsatzeko bost egun hartu ostean iragarri zuen Espainiako Gobernuko presidenteak plan hori egingo zuela, eta aurreko astean eman zituen xehetasun batzuk. Hedabideei lotutako lau arlotan egin du azpimarra: gardentasuna, independentzia, aniztasuna eta babesa. Orduan ere iragarri zuen bilerak egingo zituela Espainiako Gorteetan ordezkariak dituzten alderdi politikoekin —eskuin muturrarekin izan ezik—, plan horri buruz hitz egiteko eta «demokrazia indartzeko». Gaur EH Bildu eta EAJ izan dira «hitz egitera» deituak, baina ez dira presidentearekin bildu, bi ministrorekin baizik. Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta egon dira bileran EH Bildutik, eta Aitor Esteban EAJtik. 

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi du Espainiako Gobernura «gerturatzeko aukera» egon daitekeela biziberritze demokratikorako neurriak hartzeko orduan, baina nabarmendu du planak «ikuspegi zabal eta batua» izan behar duela, bizitza politikoko «arlorik garrantzitsuenei» heldu ahal izateko.

Ildo horretatik, Aizpuruak nabarmendu du biziberritze planak hainbat arlo «mugitu» beharko dituela, eta horiei «irtenbide bat» eman. Jazarpen judiziala, mozal legea, Sekretu Ofizialen Legea eta albiste faltsuen afera aipatu ditu, besteak beste.

Aitor Esteban jeltzalea, Bolaños eta Urtasun ministroekin. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Aitor Esteban jeltzalea, Bolaños eta Urtasun ministroekin. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea «jarrera eraikitzailearekin eta kortesia parlamentarioz» joan da bilerara: «EAJk jarrera eraikitzailea izango du gobernu zentralak ganberen aurrean aurkeztea erabakitzen dituen egitasmoetan, betiere printzipio demokratikoek ezartzen dituzten mugen barruan baldin badaude».

Dena dela, bi kritika egin dizkio jeltzaleak Sanchezen planari. Batetik, Sekretu Ofizialen Legearen erreformak planaren barruan egon behar duela nabarmendu du Estebanek. EAJren talde parlamentarioak bultzatutako erreforma tramitatzen ari dira Diputatuen Kongresuan, eta jeltzaleen eskaera historiko bat da.

Bestetik, EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi du planak proposatzen dituen egitasmoak talde politiko guztiei eskatzeak «kakofonia» eragingo lukeela, eta, finean, ez lukeela inolako biziberritzerik eragingo.

Biziberritze plana

Biziberritze planak komunikazio enpresa pribatuen gardentasunari lotutako neurriak izango ditu: jabegoari, publizitate instituzionalari eta audientzien neurketei buruz. «Europako araudia argia da: herritarrek jakin beharra dute zein diren hedabideen finantzaketa iturriak, haien akziodunen izenak eta audientzien datuak», ohartarazi zuen Sanchezek aurreko astean. Hedabideen independentziaren garrantzia ere nabarmendu zuen, «esku gutxitan medio asko ez pilatzeko». Hedabideak digitalizatzeko 100 milioi euroren diru laguntzak martxan jarriko dituztela ere iragarri zuen.

Hauteskundeetako araudia aldatzea ere proposatu zuen, hautagaiek eztabaidak egin ditzaten komunikabideetan: «Helburua argia da: herritarrek eskubidea dute proposamenak eta proiektuak alderatzeko; eskubide hori ziurtatu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.