Bizia koloreztatzeko

Aldarrikapen politiko eta zibilak jai giroan eta alaitasunez ere egin daitezkeela erakutsiko dute Bat Egin egunean parte hartuko duten guztiek igandean Altsasuko eta Urdiaingo zelaietan

Iñaki Lasa Etura.
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iluna da auzipetuta dauden herritarren bizitza. Epaile eta fiskalek bi koloretakoa bihurtu dute: zuria eta beltza; batez ere beltza. Iluna. Igandean mundu hori kolorez beteriko ortzadar bihurtuko dute Bat Egin egunean Altsasu-Urdiainera joaten direnek.

Juan Carlos Alduntzinek ondo baino hobeto ezagutzen du iluntasun hori. Udalbiltza auziko auzipetuetako bat da, eta argi dio Euskal Herriko hainbat eragilek ematen dieten babesik gabe askoz gogorragoa litzatekeela Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, egiten dituzten joan-etorriak. Horregatik, oso positiboa dela uste du aldarrikapen politikoak beste modu batean ere egitea; jai giroan, familiarekin eta lagunekin. Kolorez blai.

Eragileek garrantzi handia izango dute igandean. Horien artean sudurra inoiz baino gorriago izango du Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazo ezagunak, etorkizuna «pozez, ilusioz eta konpromisoz» ikusten duelako. Eragileek horrelako ekintzetan parte hartzea beharrezkoa dela uste du.

Porrotxek pieza txiki eta koloretsu askoz beteriko puzzle handi bat lortu nahi du; bertan, Euskal Herria pieza koloretsu horietako bat delarik. Nabarmendu duenez, Udalbiltzak pieza hori eraikitzeko egin zuen lanagatik ari dira epaitzen. Herriz herri eta auzoz auzo Euskal Herria nazio gisa eraikitzen saiatu zirelako. Porrotxek dio konpromisoaren lekukoa «denon esku» dagoela eta erantzunetan gelditu beharrean «eraikuntzan sakontzea» dela erronka, «modu alai batean eta maitasunez eraikitzeko».

Horregatik, Aiora Zulaika Pirritx-ekin batera haurrak algaraz saltoka jartzen dituen bitartean, baikortasun eta elkartasun mezua helaraziko diete auzipetuei. Igandeko marrubizko musuak ez dira txikientzako izango soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.