«Gatza gehiagorik egon ez dadin», bizi guztiko espetxe zigorraren kontrako ekitaldi bat antolatu dute Zornotzan (Bizkaia) apirilaren 16rako. Bizi osoko kartzela zigorrik ez! lelopean egingo dute ekitaldia, 17:30ean hasita, Zornotzako Udaletxeko Plazan. Jose Mari Sagardui Gatza libre izango da ordurako. Apirilaren 13an aterako da espetxetik, 31 urte preso egon ostean. Hura aska zezatela eskatzeko ekitaldi bat egin izan dute urtero herrian, baina aurten, Gatza aske egon arren, haren antzeko egoeran 47 euskal preso daudela salatu eta haiek libre uzteko eskatuko dute.
Atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, bi zornotzar daude zigorra osorik bete arren espetxean: Juan Jose Legorburu (25 urte daramatza preso) eta Iñigo Akaiturri (20 urte daramatza espetxean).
Zornotzako eragile politiko, sozial, sindikal zein kulturalak, kirol arloko eragileak eta era guztietako pertsonak batu ziren atzo ekitaldiaren berri emateko. Gatza espetxetik aterako dela jakitea berri pozgarria dela diote: «Familia baten sufrimendua amaitzea beti da pozgarria». Nolanahi ere, gogora ekarri dute Sagarduik 1995ean bete zituela zigorraren hiru laurdenak eta «legearen arabera» ordutik behar zuela kalean. Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra 2009an osorik bete zuen arren orduan ere ez zutela askatu salatu dute, Parot esaten zaion Espainiako Auzitegi Goreneko 197/2006 auziaren doktrina ezarri ziotelako.
Bizi osoko kartzela zigorraren kontra ekitaldi bat egingo dute Zornotzan
Apirilaren 16an egingo dute, eta Jose Mari Sagardui 'Gatza' herrian izango da, 31 urte preso egon ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu