Bizi-ko kideek BNP bankua «akusatuen aulkian» jarrarazi nahi dute

Miarritzen berriz hasi dute finantza erakundearen kontrako kanpaina. Apirilaren 11n beste «aulki bahitzaile» bat epaituko dutela salatu dute

Miarritze
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bizi taldeko 25 bat militantek ekintza bat egin zuten atzo Miarritze erdigunean (Lapurdi) dagoen BNP bankuaren agentzian. Asmo bikoitza zuten ekologistek: lehenik, Jean-Laurent Bonnafe bankuko zuzendaria akusatuen aulkian jarrarazi zuten, antzerki joko batean. Bigarrenik, Florent Compain Les Amis de la Terreko lehendakari eta «aulki bahitzailearen» auzipetzea salatu zuten.

Jon Palais Bizi-ko bozeramaileak azaldu duenez, bada kritikarako motiborik: «Zerga iruzurraren txapelduna da BNP; 200 adar ditu paradisu fiskaletan; urtero, 60.000 eta 80.000 milioi euro arteko diru galtzea da, eta diru publiko hori baliagarria litzateke trantsizio ekologikoa martxan jartzeko».

Palaisek gogorarazi du, bestalde, erregai fosilen egitasmo zenbait diruztatzen dituela BNPk. Esaterako, Standing Rockeko oliobidea, siouxen lurretatik pasatzeko asmoa zuena. Diru hori beste energia batzuk laguntzeko erabiltzea egokiago litzatekeela zehaztu du.

Compain, berriz, apirilaren 11n pasatuko da epailearen aurrean; bost urteko presondegia eta 75.000 euroko isuna arriskatzen ditu. Nancyn (Frantzia) eginiko ekintza batengatik auzipetu dute Compain. Urtarrilean Akizenizandako Jon Palaisen epaiketaren antzeko kasua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.