«Bizi guztiko zigorren» aurkako aldarria, herrietara

Arrasateko martxa bertan behera utzita, Sarek elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herri osoan. PPk, Voxek eta AVTk beren omenaldiei eutsi diete

Arrasate. Arrasateko eta Hego Euskal Herriko Sarek atzo egindako agerraldia. MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Arrasate
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Arrasateko (Gipuzkoa) 31 kilometroko martxaren partez, Euskal Herri osoan kontzentrazioak. Horrela erantzun dio Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak azken asteotan hainbat lekutatik jasan duen «presio izendaezinari». Presoen eskubideen aldeko mugimenduak agerraldia egin zuen atzo Gipuzkoako herrian, azken egunotan gertaturikoen balorazioa egin eta gaurko mobilizazioak iragartzeko: 12:00etan eginen dituzte elkarretaratzeak, Euskal Herriko herri «guztietan», Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean. Arrasaten ere bilduko dira, eta han eginen dituzte adierazpenak Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek.

PPk, Voxek eta ETAren biktimen hainbat elkartek eragindako presioaren ondorioz erabaki du Sarek gaurko iragarritako egun osorako martxa bertan behera uztea, baina eskuineko taldeek eurenari eutsi diote: PPk eta Voxek jakinarazi dute ekitaldiak eginen dituztela Arrasaten, eta AVTk Madrilen, Zaragozan, Granadan (Espainia) eta Donostian antolatu ditu omenaldiak. PPren Arrasateko ekitaldian Carlos Iturgaiz EAEko PPko buruak parte hartuko du —San Andres kalean eginen dute—, eta Santiago Abascal Voxeko presidentea Voces Contra el Terrorismo taldeak deituriko omenaldian izanen da.

Sarek talka ez egitekohartu zuen erabakia, Arrasateko martxaren antolatzaileekin elkarlanean: izan ere, goizeko agerraldian ohartarazi zuen ez dietela «konfrontaziorako aukerarik» eman nahi «ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa» zutenei.

Azkarraga eta Atxa Sareko bozeramaileek salatu zuten aste hauetan «presio izendaezina» jasan dutela Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek. Mugimenduaren ustez, gainera, euskal presoen alorrean «garai historikoa» da oraingoa. Egin diren urratsez «balorazio positiboa» egin izan dute, eta, hortaz, «harridura osoz» hartu dituzte arlo politiko eta mediatikoan plazaratu diren «jarrerak»: «Jarrera arduragabeak dira, eta indartu egiten dituzte espetxe politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa —biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino— baliatu dituzten horien jarrerak». Sarek adierazi du haiek ez direla «inoiz» arituko «jarrera» horietan.

Gogoratu dute Unai Parotek ez ezik bertze hamalau preso inguruk ere badituztela 40 urteko espetxe zigorrak, eta horixe salatzeko zela gaurko deitutako martxa: euskal presoentzat «ad hoc» prestaturiko 7/2003 legea bertan behera utz dezatela eskatzeko. Arbuiatu dute, ordea, «entzungor» egin dietela bere aldarrikapenei, giza eskubideen aldeko mobilizazio hori «hutsaltzeko» eta «kasu batzuetan kriminalizatzeko», «arrazoirik gabeko akusaziotan oinarrituta». Sarek oroitu du «pertsona guztien» giza eskubideak aldarrikatzen dituela mugimenduak, eta hala behar duela: «Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi dituztenei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu». Hala, «eskubideak urratzen dituzten lege eta jarduketa guztien aurka egiten jarraitzeko legitimotasuna» aldarrikatu dute: «Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina, biktimei min handiagoa eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita».

EH Bilduk bat egin du Sarek Euskal Herriko plazetan deitu dituen elkarretaratzeekin, eta taldeak jasandako «erasoak» salatu ditu. Koalizio independentistak gogoratu du «ezinbestekoa» dela «indarrean dagoen salbuespen legedia» bukatzea, eta salatu du 7/2003 legeak «ezkutuko bizi guztiko zigorrak» ezartzen dituela: «Gaur egun espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden hamabost preso daude, eta kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua».

«Elkarbizitza» eraikitzeko «zintzotasunez» jokatzeko eskaera egin du EH Bilduk, «arduragabekeriaz beteriko jarrera guztiak» alde batera utzita: «Guk argi dugu: faxistek ezin dituzte baldintzatu ustez serioak diren gobernuak».

«Probokazioa»

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo goizean Sareren agerraldiaren aitzinetik Radio Euskadin egindako adierazpenetan erran zuen «planteamendu probokatzailea» zela Sarek deituriko martxarena. Haren ustez, izan ere, espetxe politikaren aldaketak «politika diskretua exijitzen» du, zeinak ez baitu «zerikusirik» Arrasaterako egina zegoen deialdiarekin.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, berriz, ibilaldia bertan behera utzi izana «baliagarria» izan behar da «errespetuan oinarrituriko elkarbizitza bat eraikitzera bidean hausnarketa erabat beharrezkoan sakontzeko». Atzo adierazi zuen «espero» duela gaurko eguna «erabateko normaltasunean» iragatea.

Espainiako PPk eta Ciudadanosek, berriz, martxa debekatu ez izanaz dolutu ziren. PPren ustez, EAJ eta PSOE «Bilduren bahituak» dira: «Deialdia gelditzeko eskumenak zituzten, eta ez dute ezer egin». Ciudadanosek ere ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak «debekatu» ditzakeela «etakideei egindako omenaldiak»: «Baina ez du hala egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.