HITZALDIA

Bizi gaitezen geurez: aske eta euskaraz

Beatriz Zabalondo.
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urte zaila izan da 2013koa ere, baina, egoera orokorra eta gure baldintzak kontuan hartuta, ondo irten garela uste dugu. Harrokeriarik gabe, baina harro esateko moduan. Eta azpimarratu nahi dut, aurtengoan ere, BERRIAren lagunen babesa eta langileek eginiko ahalegin izugarria izan ditugula funtsezko.

Datozen urteak ere ez dira errazak izango, jakin badakigu hori, baina BERRIAren proiektua ez da atzera geratuko. Aurrera doa eta aurrerantz egin behar du. Ezin du bestela izan.

Zergatik diot hau?

Herri bat izan nahi dugulako. Herri normal bat. Besterik ez. Gure proiektu hau gure herrian txertatua dago: egunero, herriaren taupada hartu eta hitz-iruditan islatzen dugu.

Baina beste herriek ez dituzten zailtasunak ditugu etengabe aurrez aurre. Eta hortxe kateatzen gara batzuetan —edo kateatzen gaituzte—, eta kate horietatik askatzen xahutzen ditugu indar handienak eta behinenak; ez egin beharreko eginkizunetan.

Egunkaria-ren auzia gogoratu besterik ez dugu. Zorionez, berri ona jaso dugu duela egun gutxi. [Nola diren kontuak, gero! Zorionez esaten dugu, gainera!]. Neurtu ezin diren saminak eta inon ageriko ez diren zauriak utzi zituen ankerkeria galanta!

Ilunpe hartan gai izan ginen BERRIA sortzeko; amorrutik, bai, baina beharretik ere bai. Nork azaldu behar zion, ba, munduari, geuk baino hobeto, bidegabekeria hura?

Bai, herri bat izan nahi dugu, egunkari estandar bat egin, eta geure eginkizunetan jardun: geure berri eman, geure begietatik kontatu munduaren berri; den-dena geure neurrietatik, geure muinetik. Tartekoen interpretaziorik gabe.

Badira zantzuak bide onean gaudela adierazten dutenak. Esate baterako, komunitatearen oniritzia. Gure erreferentzialtasuna euskal gizartean. Gure zerbitzua publikoa baita: egiten duguna herriari ematea. Horretan sinisten dugu. Baina horrekin ez dugu esan nahi dena eginda dagoenik. Ez, ez.

Aurrera egin beharra daukagu: proiektua zabalduz, etengabe berrituz, produktuetan eta euskarrietan, diseinuan eta edukietan. Gure eginkizunetan zentratuta, garaiek eskatzen duten lekuan egoteko.

Eguneroko dinamikatik burua altxatzea ere eskatzen du horrek, etxe zulotik baino areago begiratzea. Beste hedabide kideekin lan ildoak eta estrategiak bateratzea funtsezkoa da: BERRIA ez baita proiektu bakarra Euskal Komunikazioaren Esparruan. Horregatik, oso garrantzitsua da Hekimen —Euskal Hedabideen Elkartea— sortu izana: elkarlana bideratzen du, eta etorkizuneko komunikazio-oinarriak lantzeko aukera dakar. Hortxe dago Tolosaldeko eredua ere.

Europako eta munduko edozein tokitan hedabideak funtsezkoak dira herri kohesioa indartzeko, kultura zabaltzeko, hizkuntzaren garatze eta garraiatze funtzioetarako. Hala dira. Dira eta kito. Jaurlaritzak ere estrategikotzat dauzka euskal hedabideak: euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza komunitatearen eraikitze-zabaltzeko. Hori guztia ez da BERRIAren eginkizuna soilik. Beste hedabide eta erakundeekin bat hartuta landu beharrekoa baizik.

Historiaren une honetara iritsita, beharrezkoa da laguntza-deialdien dinamikatik harago jotzea, sektorean serio inbertitzea; gure hedabideak sustatzeko laguntza-sistema egoki bat diseinatzea. Nahi horretan, bat dator Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza; begirunez hartzen diogu eredua eztabaidatzeko asmoa.

Hamaika eta gehiago urtean dihardugu lanean, eta Europako erreferentziazko kazeten parez pareko kalitatea erakutsi dugu. Bide hori indartzea da gure helburua, gure eskakizuna. Guk ere IZAN nahi dugulako. Normal-normal, besterik gabe. «Garean gareana».

Aurrera BERRIA, eta bizi gaitezen geurez... aske eta euskaraz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.