Bizi baldintza duinak bermatuko dituzten herriak aldarrikatu ditu Autopista Elektrikorik Ez plataformak

Egun «aldarrikatzaile» bat antolatu dute Iruñean, goi tentsioko lineek Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan izango duten eragina salatzeko.

Protesta eta kultura eguna antolatu du gaur Autopista Elektrikorik Ez plataformak Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Protesta eta kultura eguna antolatu du gaur Autopista Elektrikorik Ez plataformak Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 27a
17:35
Entzun

Autopista Elektrikorik Ez plataformak «egun aldarrikatzaile eta kulturala» antolatu du gaur Iruñean, goi tentsioko lineek Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan izango duten eragina salatzeko. Ohitura, natura, kultura – Goi tentsioko linearen proiektuen aurrean, herriak bizirik lelopean, hainbat ekintza antolatu dituzte hirian. Eguerdian manifestu bat aurkeztu dute; bizi baldintza duinak bermatuko dituzten herriak aldarrikatu dituzte.

Izarbeibarko, Iruñerriko, Sakanako (Nafarroa) eta Goierriko (Gipuzkoa) 24 alkatek sinatu dute manifestua —plataformaren parte ere badira—. Eta Gazteluko plazan aurkeztu dute, ehunka herritarrek babestuta. Hain justu, goi tentsioko lineen proiektuek eskualde horietako herriei egingo diete kalte.

Gogoratu dutenez, hamahiru urte daramatzate Red Electrica de España SAren eta Forestaliaren goi tentsioko lineen aurka borrokan, euren herrien etorkizuna mehatxatzen baitute. Salatu dute «ministerioak eman berri dituen administrazio baimenak legez kanpokoak eta irregularrak» direla, eta proiektu horiek «eragin larria eta onartezina» izango dutela.

Plataformak argi utzi du proiektu horien aurka jarraituko duela lanean. Izan ere, iragarri dute 14.000 alegazio biltzea lortu dutela, eta eskura dituzten «bide guztiak» erabiliko dituztela horiei erantzuna emateko, baita «bide judiziala» ere. Era berean, «batasunaren» aldeko apustua egin dute. Esan dute horri esker hobekuntza «nabarmenak» lortu dituztela. Halere, hobekuntza horiek oraindik ez dira nahikoak.

Alberto Frias plataformako bozeramaileak «herri txikiek» egindako lana goraipatu du; hiru aldiz lortu dute proiektuak bertan behera uztea. Izan ere, lortu dute proiektuen sustatzaileen «aitzakia tristeak» desegitea. «Ikasketa kolektiboko bide luze honetan ikasi dugu inork ez duela defendatuko guk defendatzen ez dakiguna», erantsi du.

Manifestua aurkezteaz gain, erraldoien konpartsek eguna alaitu dute Iruñean. Han izan dira ere, besteak beste, dantzariak, aizkolariak, txalapartariak, bertsolariak eta emakumeen abesbatza bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.