Bost megawatteko potentziako parke fotovoltaiko bat egin nahi du Gasteizen kanpoaldean Ventaja Solar 8 enpresak, Bitxilore Solar izenekoa; zazpi hektarea baino gehiago hartuko luke. 2024ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzako Arabako Lurralde Ordezkaritzak enpresari eskatu zion proiektuaren ingurumen inpaktuaren txosten bat egiteko, gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikatutakoaren arabera, «balio estrategiko handiko» lurrak hartu baititzake proiektuak. Hori dela eta, «proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela» ebatzi du Javier Agirre Orcajo Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak.
Gasteizko erdialdetik hiru kilometro baino gehiagora egin nahi du Ventaja Solar 8-k parke fotovoltaikoa, Jungitu eta Uribarri Arratzua artean, Red Electrica Españolaren Gasteizko azpiestaziotik oso gertu. Hainbat arazo ikusi dizkio Eusko Jaurlaritzak Bitxilore Solarri; lehena, eta garrantzitsuena, nekazaritzarako erabiltzen dituen lurrak hartuko dituela. Bestalde, azaldu du, jasotako txostenen arabera, ezin dela ziurtatu proiektuak natura ondareari kalterik eragingo ez dionik; batez ere, harengandik gertu beste hainbat parke fotovoltaiko egingo direla aintzat hartuta. Horrek «metatze ondorioak» izateko arriskua ikusi du —Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 proiektuak jarri ditu adibidetzat—.
Horiek horrela, enpresari ingurumen inpaktuaren txosten zehatzago bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzak, xehetasun faltak ikusi baitizkio aurreko txostenari, batez ere parkeak hegaztien habitatetan izan dezaketen eraginen bueltan: «Dokumentuaren zehaztasuna urria da, ez baita azterketa konkreturik egin proiektuak kalte egin diezaiekeen espezieei buruz».
Zehazki 7,46 hektarea hartuko lituzke proiektuak, eta bost megawatteko potentzia eta sei megawatteko puntako potentzia izango luke, 11.144 paneletan banatuta.
Erriberrin (Nafarroa) jada hasi dira eraikitzen Euskal Herriko parke fotovoltaiko handienetako bat izango dena: 50 megawatteko potentzia izango du, 74.000 panelekin.