Bitartekariei «kasurik» ez dienez egingo, ez deitzeko eskatu die PPK

AVTk uste du datorren urtea biktimentzat «historiako txarrena» izango dela, «politikoki ETAk irabazi duelako»

Erredakzioa
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak bitartekariei eta egiaztatzaileei «gehiago ez deitzeko» eskatu die, azalduta ez diela kasurik egingo «ETAren krimenarekin negozioa egin nahi dutenei eta negoziazioa planteatuz euren historia justifikatu nahi dutenei».

«Euskaldunok lortuko dugu terrorismoa amaitzea, espainiarrok garaituko dugu ETA; ez dute bitartekariek lortuko. Irlanda edo Israelen kasuak Euskadirekinarekin nahasten dituen inork ez gaitu salbatuko», adierazi du. Basagoitiren hitzetan, «horrek soilik balio du ETAk pentsatzeko ez dituen arrazoi batzuk badituela».

Atentatuak amaitzea «pauso handia» izan dela uste du Basagoitik. «Baina orain krimena sostengatzen duten ideia fanatikoetatik libratu behar dugu», adierazi du.

Horrez gain, herenegun indarkeria polizialaren biktimak omentzearen harira, azaldu du bere ustez ez zela «garaia» eta bera ez datorrela bat «planteatutako moduarekin».

Tortura edo gehiegikeria polizialaren arazorik ez dagoela esan du. «Gehiegikeria batzuk demokrazia guztietan egiten badira ere», ez duela ezagutzen tortura defendatzen duen manifestazio, alderdi edo herritar bakar bat ere. Baina badaudela «indarkeria terrorista defendatzen duten taldeak», ETA justifikatzen dutenak. Horregatik, gizartearen «arazo nagusia» ETA dela azaldu du. «Gauzak ez nahasteko» garaia dela pentsatzen du: lehenengo ETA «behin betiko desagertzea» lortu behar dela uste du, «ezdezala inork justifikatu», eta gero «beste gauzez» hitz egin ahalko dela.

«Urte negargarria»

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidente Angeles Pedrazak berriz, esan du «biktimentzat urte negargarria» izan dela aurtengoa, eta datorren urtea «historiako urte txarrena» izango dela uste duela, «ETAk politikoki jada irabazi duelako».

Aurtengoa, «biktimentzat txarra» izan dela eta «hiltzaileentzat oso ona» esan du. Horrez gain, nabarmendu du Bildu eta Amaiur koalizioak legez kanpo uzteko eskaera gabe amaituko dela urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.