Bitartekari bat tarteko bilduko dira asteartean itunpekoetakoak

Sindikatuek LHKra eroango dituzte Jaurlaritza eta patronalak. Lau eguneko greba hasiko dute etzi. Gurasoek manifestazioa dute gaur

Kristau Eskolako eta IZEAko langileen manifestazioa, Bilboko Kale Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kristau Eskolako eta IZEAko lan gatazka aspalditik dago ez atzera ez aurrera. Baina egunotan gaiztotu ere egin da. Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak isiltasuna hautsi du: esan du ez dutela proposamen berririk egingo, euren aukeren «mugara» iritsi direlako. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, esan du gatazkaren oinarrian ez daudela lan baldintzak, «itunpeko sarearen aurka egiteko asmoa baizik». Sindikatuek gogor egin dute sailburuaren aurka, patronalaren interesak defendatzen dituela egotzita. Gainera, EAEko Arartekoak eman zien gomendioari kasu egitea erabaki dute, nahiz eta hasieran erabat baztertu zuten aukera hori: astearterako LHK Lan Harremanetarako Kontseilura deitu dituzte patronalak eta Hezkuntza Saila. Bitartekariaren begiradapean negoziatuko dute aurrerantzean. Lehen bilera, bada, etzi hasiko duten greba deialdiaren bigarren egunean izango da.

Sindikatuek eta patronalek banakako hainbat bilera izan dituzte urtarriletik. Sindikatuen arabera, «adostasunera gerturatzeko aukerak zeudela ikusarazten zuten planteamenduak» egin zituen patronalak. Joan den astelehenean izan zuten negoziazio mahaiaren bilera. Sindikatuek uste zuten neurri berriak jasoko zituztela idatziz. Baina bilkuratik «etsita» atera ziren. «Patronalek atzera egin dute». Uste dute proposatutako edukiek ez dutela adosteko aukerarik ematen. Horregatik erabaki dute bitartekaritzara jotzea. Salatu dute patronalek izandako jarrera «erabat itxia» izan zela. Akordioa lortzeko «giltzarriak» jasotzen dituen dokumentua bidali zioten ostegunean patronalari. Ez dute erantzunik jaso. Baina ondoren iritsi dira Ormazabalen hitzak, proposamen berriak egiteko aukerak agortu zaizkiela esan duenekoak.

Dagoeneko 21 greba egun egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 215 ikastetxe hauetan. Datorren astean beste lau izango dira. 120.000 ikasleri eragiten die. Gurasoak «oso kezkatuta» daude, umeen heziketan izan ditzakeen ondorioengatik. Horregatik, negoziazioa eskatzeko manifestazioa egingo dute gaur Bilbon: 18:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzetik. Azken agerraldietan gogor egin dute sindikatuen aurka: «eskaera onartezinak» egitea egotzi diete. Irakasleen artean aldaketak hasi dira: Durangoko (Bizkaia) jesuitetan ez dute bat egin deialdiarekin, eta Bilboko batzuetan «malgutu» egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.