Zalantzati geratu da Nagore Lopez de Luzuriaga (Gasteiz, 1981) elkarrizketa amaitzerakoan: «Ezkorregi geratu da agian». Baina ez du esateko gauza baikorrik espetxe politikak azken urtean izandako bilakaeraren inguruan.
Zein iritzi du Etxerat-ek 2012an gertatu direnei buruz?
Azken urtean gauza asko gertatu dira, baina kezka handiz eta larritasunez ikusten dugu nola joan den urtea espetxe politikari dagokionez. Batetik, egoerak okerrera egin du hainbat alorretan. Bestetik, hainbat egoera bere horretan mantentze hutsak okertu egiten du barruan ditugun senideen egoera, eta gurea ere bai.
Zer okertu da?
Sakabanaketa politika ez da malgutu. Aitzol Gogorza da Euskal Herrira ekarri duten preso bakarra, eta egin diren mugimenduak presoak gehiago urruntzeko izan dira askotan; bai kilometrotan, bai beren artean, espetxe barruko sakabanaketa areagotuz.
Zer dakar espetxe barruko sakabanaketak?
Barrukoari bakarrik egotea ekartzen dio, beste kide batekin ezin egotea, ezin hitz egitea egunerokoaz, harremanik ez izatea bere kultura, familia zein inguru sozialarekin; bakartuta egotea, bakartzeak sortzen dituen eragin pertsonal guztiekin. Eta senideei, barruko senideak duen egoeraren eraginaz gain, bestelako zailtasunak sortzen dizkio. Espetxe berean izan arren modulu desberdinetan dauden presoek ez dute elkar ikusten, eta ordutegi desberdinak dituzte bisitetarako. Horrek zaildu egiten du senideak bisitetara elkarrekin joatea. Senideek elkarrekin egin ohi ditugu bidaiak, gastu ekonomikoa arintzeko, istripu arriskua gutxitzeko eta babes sentipena izaten laguntzen duelako.
Zeren aurrean babesa?
Azken hilabeteetan izan diren gertakariak oso adierazgarriak dira; Enara Rodriguezi gertatutakoa, esaterako. Neba bisitatzera joan zen Logroñora. Bueltan, auto bat parean jarri zitzaion, eta bere autoa bidetik aterarazten saiatu zen. Azkenean, kotxea kontrolatzea lortu zuen, istripurik izan gabe geratu zen bazterrean, eta bi pertsona joan zitzaizkion kotxe ondora, mehatxuka. Azkenean, Espainiako Polizia gisa identifikatu ziren. Autotik atera zuten, ukitu sexualak egin zizkioten, mehatxuak, irainak, kolpeak. Pentsa Enarari zerbait larria gertatzen zaiola errepidean bere aurka egin zutenean; inoiz ez genuke jakingo zer gertatu zen, bakarrik zegoelako.
Espetxe barruko bizimoduan, egoerak egin du hobera zerbaitetan?
Ezetz esango nuke. Zailtasun gehiago agertu dira hainbat eremutan. Adibidez, hainbat bikoteri ukatu egin diote espetxe berean egoteko aukera, horien artean, lau hilabeteko ume bat duen bikote bati. Gabonen bueltan, postalak euskaraz idazteko oztopoak jartzen hasi dira. Preso gaixoen arloan, abuztuan jakin genuen Josu Uribetxeberriaren aferarekin gertatu zen guztia, eta ez da izan beste etxeratzerik. 197/2006 doktrina ezartzen jarraitzen dute, nahiz eta Estrasburgok aurkako epaia eman duela hilabete batzuk.
Egoerarik muturrekoenak larri gaixo dauden presoek dituztela salatu izan duzue. Zein da egoera?
Aurreko urteetan hainbat preso gaixo etxeratu izan dituzte, nahiz etxean preso jarraitu. Larri dauden presoak gero eta larriago daude, baina azken urtean ez da kaleratze bat bera ere izan, Josu Uribetxebarriarenaz gain. Eta, Josuren kasuan, oso-oso agerikoa izanik ere, ikusi genuen nola jokatu zuten. Gaixo dauden beste presoei mezua ere bidali zieten, Auzitegi Nazionaleko medikuak esan zuenean azken arnasetan ez zegoenez ez zutela zertan kaleratu.
Gaixotasun larriak dituzten presoen artean da zure izeba, Gotzone Lopez de Luzuriaga. Zein da haren egoera?
Euskal Herrian egoteak, egia da, asko aldatu ditu zenbait gauza. Mediku kontsultetara ateratzeko zailtasunak izan arren, arreta hobea da hemen. Bestalde, hark askotan nabarmentzen du zein garrantzia duen Euskal Herrian egoteak: irratia euskaraz entzuteak, hemengo berri jasotzeak... Euskal Herria sentitzeko aukera duela esaten du. Haren osasunak ez du hobera egin, baina hori oso zaila da espetxean. Eta uste dut amorruz bizi duela egoera, inpotentziaz. Ez berarekiko bakarrik, baizik ikusten duelako erabat blokeatua dagoela espetxe politikan aurrerapausoak emate hori. Gaixorik dauden presoen egoera muturrekoenetakoa da, agerikoena, baina egoera orokorra blokeatua dago, eta horren seinale da.
Zein gaixotasun du?
2007an operatu zuten, bularreko minbizi baten ondorioz. Gerora, tratamendua oso baldintza zailetan jaso du, askotan jaso beharreko saioak eta sendagaiak jaso gabe... Tratamendua bukatu du, baina oinaze asko dauzka. Derrameak izan berri ditu begietan, odolusteak ditu maiz, hezurretan arazoak ditu... Tratamenduaren ondorioak, zein adinak eta espetxean egoteak sortu dizkion oinazeak dira.
Zenbat urte darama espetxean?
23 urte pasatxo. Doktrina ezarri zioten, eta espetxealdia luzatzeak lotura zuzena izaten du osasunean. Bada esaldi bat esaten duena: Espetxeak gaixotu egiten du, baina, gainera, espetxeak ez du sendatzen. Eta espetxea antolatua dagoen moduak, espazioak, osasun laguntzarik ezak sortzen du gaitza. Berez, osasuna galtzea dakar edozein presorentzat, eta are gehiago salbuespen politika ezartzen zaienentzat.
197/2006 doktrina gero eta preso gehiagori ezartzen ari zaie. Zer dakar doktrina horrek?
Zigorgabetasun sentipen izugarria. Pertsona batek 15 urte lehenagotik aske gelditzeko eguna finkatua duenean, horri heltzen dio. Edozein presoren egun gorena aske geldituko den eguna da. Eta Gotzonek esaten du askotan: «Ez didate niri bakarrik lapurtu askatasuna; zuei ere lapurtu dizuete zuena». Bisitetarako bidaiak atzean utzi ahal izatea, espetxearen buelta horretan bizi behar ez izatea. Ea zer gertatzen den Estrasburgoko epaiarekin, baina egia da inork ez dizkiela bueltatuko urte horiek; ez haiei, ez guri.
Horiek guztiek eskubide urratzeak badira, nolatan ahalbidetzen dira?
Hori galdetu beharko zaie espetxe politika hau ezartzen dutenei. Baina argi dago mendeku terminoetan ari direla, eta beraz, interes politiko batzuei erantzuten diela. Haiek esan beharko ligukete zein interesi eta nori egiten dion on egoera honek. Guk badakigu guri ez digula on egiten, baina gustatuko litzaiguke jakitea zeinen mesedetan den egoera hau eta nork duen honen erantzukizun zuzena. Ni hurrengo asteburuan hiltzen banaiz nire senide bat bisitatzeko bidean, nor izango da nire heriotzaren erantzulea? Zer pasatuko naiz, istripuen estatistiketara? Honek erantzuleak baditu.
Senideei ere nolabait askatasuna mugatzen zaiela adierazi duzu. Zer dakar senideren bat preso izateak?
Zure bizitza aldatzea. Preso baten senide bihurtzen zarenean, zure bizitza presoaren inguruan antolatzen da. Ez da kilometro kontua soilik. Egia da kilometro asko egin behar izaten ditugula errepidean, dirutza gastatzen dugula, aste guztia lanean ibili eta gero senidea 40 minutuz ikusteko pasadak hartzen ditugula. Baina, horrez gain, ekonomia horren arabera antolatu behar duzu askotan, oporrak agian egingo dituzu espetxe inguruko herri batean senidea bisitatu ahal izateko, aste osoa bisitara nor joango den lotzen emango duzu, nola egongo den pentsatzen, noiz deituko duen, zer beharko duen... Zure bizitza antolatzen duzu senide presoaren egoeraren inguruan.
ETAk jardun armatua utzi eta urtebete baino gehiagora, egungo egoera izango zenutela uste zenuten?
Ez, ez. Esperantza genuen aurrerapausoak emango zirela egoera aldatzeko bidean. Zoritxarrez, topatu duguna kontrakoa izan da. Bere hartan eusten zaiola egoerari, eta hainbat arlotan okerrera egin duela.
Egoera hori epe labur edo ertainean aldatuko dela uste duzue?
Hori pentsatu nahi dugu; bestelakorik ezin dugu aurreikusi.
Nola aldaraz daiteke?
Gure eskuetan dagoena eginda. Bide horretan, urtarrilaren 12an Bilboko kaleak bete behar ditugu eta arduradun politikoak estu hartu, hori alda dadin. Bakoitzak eragiteko daukan esparruan, eta jendaurrean ere bai. Uste dut badela garaia arduradun publikoak, agintariak espetxe politika honen aurka irmo agertzeko.
Nagore Lopez de Luzuriaga. Etxerat elkarteko kidea
«Bisitara bidean hiltzen banaiz, nor izango da erantzulea?»
Espetxe politika aldatzen hasi behar dela eta, bakoitzak eragin dezakeen esparruan eragiteko eskatu du Lopez de Luzuriagak, Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren ilobak. Larunbatean Bilbora joateko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu