Pastor
Darwin eta gu

Bisbalen esku luzea

2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Iritziak era otzan eta samurrean azaltzen dituzte, ia-ia baimena eskatzen ari balira bezala. Modu zalantzatian, aurrean dagoen lagunak arrazoi dutela noiz esango zain edo. Japoniako lengoaia femeninoa da, duela ia mende eta erdi ekialde urruneko herrialdean garatu zena.

Satoshi Kinsui hizkuntzalari japoniarrak deskribatu du onna kotoba hizkera —emakumezkoen mintzaira— Asahi Shimbun egunkariak argitaratutako elkarrizketan. Lengoaia mota horrek bi oinarri ditu: batetik, Edo garaiko (1603-1868) enperadorearen gorteko eta samurai familia handietako andreen mintzaira findua; bestetik, Meiji aroan (1868-1912) nesken eskoletan erabiltzen ziren hizkera eta «esaldi bukaerako partikula feminizatzaileak», hala nola mesedez, ezta? eta abar.

Adituak Tokioko hedabideari adierazi dionez, 1868tik aurrera neskak hezkuntza nazionalaren sisteman sartzen hasi ziren Japonian. Dena ondo zihoan, mutilekin batera berdintasunean-edo eskoletan, harik eta 1899an lege bat ezarri zuten arte, soilik emakumezkoei eragiten ziena. Helburua: etorkizunean neska horiek emazte onak eta ama bertutetsuak izatea.

Hizkuntzalariaren arabera, emakumeen hizkera horrek begirunez tratatzen du solaskidea, batez ere gizonezkoa bada. Haren uste eta jokaerei aurre egitea saihesten du. Zenbat eta errespetu handiagoa erakutsi, orduan eta femeninoagoa izango da neska hori. Esaldien bukaeran kashira berba erabiltzen da sarri —«neure buruari galdetzen diot ea…», esanahia omen du—. Horrela, andrazkoak ez du zuzen eta zorrotz agerrarazten bere ikuspuntua. Iradoki besterik ez du egiten, zehar galdera baten moduan.

Semearen biraoek ez digute min handirik ematen belarrian. Hitzak etxeko neskatoak esanez gero, bestelakoa da pentsamendua.

Komunikatzeko modu horrek bizirik segitzen du Japonian, maila apalago batean bada ere. Euskal Herrian ere badugu oraindik femeninotzat jo ditzakegun hizkera eta jokaeren arrastorik. Semearen biraoek ez digute min handirik ematen belarrian. Hitzak etxeko neskatoak esanez gero, bestelakoa da pentsamendua: «Taberna-zuloetan bezala hitz egiteko eraman nuen mojetara?». Izan ere, neska finak ez doaz tabernara bakarrik. Are gutxiago goizeko ordu txikietan. Zeren bila ari da alaba antro horretan mojito bat edaten, ondoan inor ez duela?

Neskek jokaera horiek ondo barneratzeko ahaleginak etxean bertan hasten dira. Nola hitz egin, nola portatu. Baita nola jantzi ere. Lehengoan, Donostian, adinez amona zirudien andre batek hauxe esan zion 12 urte inguruko ustezko bilobari, autobusaren zain zeudela: «Ondo dago futbolean jokatzea, baina beti prakak janztea…». Gona janzten hasiz gero, ez ote den laburregia galdetuko dio amonak orduan. Edo gurasoek.

Etengabeko doktrinamendu prozesua da neskena. Hitzak, erantzunak, jokaera neurtzen ikasten dute. Eta aurrean duten gizonaren portaerari aurre ez egiten. Areago gizon horrek estatus berezi bat baldin badu. Japonian edo Euskal Herrian bertan.

Imajinatu neska bat liburu-denda batean. Liburu bat hartu eta saltzailearengana joan da, haren iritzia eskatzeko. Besoa altxatu du alea erakusteko eta gizonak, besterik gabe, eskumuturretik heldu dio: «Bai, oso lan ederra da. Egileak…». Nola erreakzionatuko luke neska horrek? Pentsatu nahi nuke segituan askatuko lukeela eskua.

2023ko iraila. Gasteizera etorri da David Bisbal, bere bizitzari buruzko dokumentala aurkeztera. Kamerak, mikroak, argiak, dirdira… 25 urte ez dituen kazetari bat kantaria elkarrizketatzen hasi da kameren aurrean. Halako batean, Bisbalek eskua luzatu eta mikrofonoa duen eskumuturretik oratu dio. Irmo. Segundo batzuk izan dira, luze-luzeak. Neskari ez zaio burutik pasatu ere egin eskua kolpetik askatzea. Solasaldia eten lezake. «Qué te pasa, niña?», esango du artistak. Okerrago: hedabideko buruek seguruena errieta egingo diote, «txikikeria» horregatik elkarrizketa zapuztu baitu. Are okerrago: hark ere ez du oso argi izango egoki jokatu ote duen. Azken batean, Bisbal da. Kantari, izar bat, ez liburu-dendako saltzaile ezezaguna. Pozik egon beharko luke. Bisbalek eskutik heldu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.