Gaika bildutako hondakinen datuek aurrerapausoa erakutsi dute Bizkaian bosgarren urtez jarraian. Nabarmen egin baitzuen gora bereizita bildutako hondakinen kopuruak 2017an: 4,65 puntu hazi ziren, eta birziklatze tasa %48,43ra igo da, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Hala, hondakinen erdiak gaika jasotzea aurreikusten du diputazioak datorren urterako, eta, horrenbestez, Europako Batasunak 2020rako ezarritako helburua beteko luke.
Bizkaiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzuetak eman zituen datuok atzo. Esker ona adierazi zien herritarrei, birziklatzeko deia eginez aldundiak iaz aurkeztutako «erronka» aintzat hartu dutelako: «Birziklatzearekin konprometituta daudela erakutsi dute».
Dena den, datu guztiak ez ziren baikorrak izan. Izan ere, zabor gehiago sortu zen iaz Bizkaiko etxeetan: 637.728 tona hondakin batu zituzten, 2016an baino 32.496 tona gehiago. Horietatik, 355.363 tona errefusekoak izan ziren: %55,7. Bereizita, berriz, 282.365 tona jaso zituzten; aldundiaren arabera, gai guztietan izan zen gorakada. Papera eta kartoia birziklatu zen gehien: 84.947 tona.
Organikoa sustatzea xede
Organikoa da gutxien bereizten den gaia: iaz 8.139 tona jaso ziren, aurreko urtean baino 1.526 tona gehiago. Lea-Artibai eskualdean martxan jarritako proiektu pilotuarekin lotu du igoera hori Unzuetak. Aldundiarentzat «lehentasuna» da hondakin organikoen bilketa kopurua handitzea, eta helburu hori lortzeko «ahalegin handia» egiten ari dela adierazi du diputatuak. Asmo horretan kokatu ditu bosgarren edukiontzia jartzeko emandako diru laguntzak: azken bost urteetan 4,6 milioi euro bideratu ditu horretara, eta dagoeneko 95 herritan dute edukiontzi marroia.
Behera egin du, bestalde, hondakindegietara bidalitako zabor kopuruak: %16,47 izan zen iaz, aurreko urtean baino 2,6 puntu gutxiago. Aldundiaren esanetan, horietatik %1,88 baino ez ziren tratatu gabeko hondakinak. Horren harira, Unzuetak adierazi du Bizkaiak hurbil duela Europak ezarritako helburua, hau da, tratatu gabeko hondakinik zabortegietara ez botatzea. Era berean, iaz %2 jaitsi zen erraustutako hondakinen zenbatekoa, baina diputazioak ez du zehaztu zenbat zabor igorri zuen Zabalgarbi plantara.
Birziklatze tasa %48ra igo da Bizkaian, eta 2020ko helburura gerturatu da
Datorren urterako hondakinen erdiak gaika biltzea aurreikusi du aldundiak. Organikoaren bilketa handitzea «lehentasuntzat» jarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu