Koronabirusa. Jacinto Lopez Sagaseta. Navarrabiomedeko ikerlaria

«Birusaren eta zelulen arteko lotura eragozteko balioko dute molekulek»

Udazkenetik, SARS-CoV-2a neutralizatzeko molekula batzuk sortzeko lanean dira Iruñeko Navarrabiomed zentroan. Ikerketako buru Lopez Sagasetaren iritziz, urrats handia izan daiteke helburu klinikoetarako.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren gaineko ikerketa batean murgildurik dira Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko zenbait kide, Bartzelonako beste lau erakundetako ikerlariekin elkarlanean. Nafarroako Unibertsitate Publikoa da proiektuaren koordinatzailea. Ikerketak SARS-CoV-2 birusa neutralizatzeko molekula batzuk sortzea du helburu, gerora botikak diseinatzeko. Navarrabiomedeko Jacinto Lopez Sagasetak (Iruñea, 1979) du proiektuaren lehen faseen gaineko gidaritza.

Zein da proiektuaren abiapuntua?

Proiektuak izurritearen lehenbiziko olatuan du sorburua. Hasieran, asmoa zen birusaren infekzio ahalmena murrizteko edo, ahal dela, deuseztatzeko gai diren molekula batzuk sortzea. Kasu honetan, giza organismoari egiten dio eraso birusak, eta gure helburua daSARS-CoV-2aren eta giza gorputzaren zelulen arteko lotura eragozteko gaitasuna duten molekula batzuk diseinatzea. Asmo hori erdietsiko bagenu, denbora irabaziko genuke, nabarmen, eta errazagoa izango litzateke infekzioaren eustea eta, beraz, pazientearen egoeraren bilakaeran laguntzea.

Nolakoak dira molekula horiek?

Molekula peptidoak dira, eta oinarrian dituzte zelula hartzaile naturalaren egitura molekularrak, ACE-2 izenekoak.

Zer urrats egin dituzue orain arte? Gaur-gaurkoz, zein dira lortutako emaitzak?

Proiektuaren lehenbiziko faseetan gara oraindik; jakina denez, esperimentazioak bere denbora behar baitu. Birusa neutralizatzeko molekulak sortzeko darabilgun molde originalaren ezaugarri molekularrak optimizatzen ari gara. Zehazki, aztertzen ari gara moldean txertatzen ditugun zer aldaketa egokitzen den hobekien gure proposamenera, zein den eraginkorrena.

Zuen aurreikuspenen arabera, molekulak zer neurritan izanen dira eraginkorrak birusari kontra egiteko?

Ideala litzateke lortzea molekula horiekSARS-CoV-2a guztiz blokeatzea. Hori lortuko bagenu, gero aztertu beharko genuke zehazki zer dosi diren egokienak tratamenduan, hura maila klinikoan emateko jarraibideak zehazteko.

Pixkanaka, gero eta gehiago dira COVID-19aren aldaerak. Aintzat hartu dituzue ikerketarako?

Infekzioa eragin duen birusaren aldaera edozein delarik ere, molekula mota berberarekin egin dezakegu lan. Izan ere, guk zelula hartzailearen moldean oinarriturik egiten dugu lan, eta hori ez daaldatzen. Hala eta guztiz ere, kontuan ditugu koronabirusaren aldaerak, eta esperimentazio fasean tentuz aztertuko dugu horien guztien kontra eraginkorra den edo ez. Azken batean, aldaera berrien mehatxuak gauza bat ondorioztatzera garamatza, ezinbestean: zelularen eta birusaren arteko lotura blokeatzeko gai diren molekula batzuk nahi ditugu, bai, baina lehenetsi behar dugu horiek unibertsalak izatea, etorkizunean etorriko direnentzat ere eraginkorrak izan daitezen.

Nori zuzendua legoke molekula horien bidezko tratamendu medikua?

Erreminta klinikoa eraginkorra litzateke larri diren pazienteentzat, hau da, gaitzagatik ospitalean egoteko premia dutenentzat.

Gaitza dutenei laguntzeko ez ezik, molekulek balio dezakete birusaren kutsatzeko gaitasuna murrizteko ere?

Oraingoz ez dugu aztertu molekulek nola eragin dezaketen tratamendu profilaktikorako erabiliz gero. Oraindik ez dakigu infekzioak prebenitzeko balio dezakeen. Baina zergatik ez? Horri ere egin beharko diogu so. Izatez, nazioartean badira hori aztertzen ari diren ikerketa batzuk.

Noizko espero duzue emaitzak izatea?

Esperimentazioak eskatzen dizkigun epeez oharturik, konturatu gara aurreikusi baino denbora gehixeago beharko dugula. Halere, baikorrak gara, eta urte bukaerarako emaitzak izatea espero dugu, abendu bukaerarako.

Munduko ikerketa talde asko eta asko ari dira indarrean pandemiari kontra egiteko, handia baita premia. Sentitzen duzue erlojuaren kontra aritzearen presioa?

Egia da sumatzen dugula emaitzak laster eskuratzeko beharra eta desioa. Denek nahi dugu irtenbideak ahalik lasterren eduki, izurritea ahalik bizkorren ahazten lagunduko diguten tratamendu terapeutikoak aurkitu, baina beti ez da posible. Ezin ditugu alde batera utzi esperimentazioa behar bezala gauzatzeko premiazko diren zehaztasuna eta kalitatea, eta horrek denbora eskatzen du. Pauso bakoitzari behar duen denbora eman besterik ezin dugu egin. Ikerketan, ezinbestekoa da pazientzia izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.