Birusaren «beste goraldi» baten beldur da Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak Pandemiaren urtebeteko memoria dokumentua argitaratu du, eta kezkatuta agertu da birusaren beste aldaera batzuen intzidentziarekin. Ekainerako aurreikusi du 70 urtetik gorakoak, osasun langileak eta kolektibo zaurgarrienak txertatuta egotea.

Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia, gaur, maskarak egiten dituen Zamudioko (Bizkaia) Nueva Sibol enpresari egindako bisitan. MIGUEL TOñA/ EFE
edurne begiristain
2021eko martxoaren 12a
13:19
Entzun

Pandemiaren urtebeteko memoria txostena ondu du Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aitortu du oraintxe birusaren «beste goraldi» baten beldur dela, eta ez dagoela lasaitzeko motiborik. SARS-CoV-2 birusaren aldaera berrien eraginak ere kezkatzen du Jaurlaritza, dokumentuak jasotzen duenez. Erresuma Batuko aldaera gero eta gehiago zabalduta dago hiru lurraldeetan: martxoaren 1etik 7ra bitarteko astean aztertutako laginetan jada % 65etik gorakoa da, Jaurlaritzak zehaztu duenez.

Hala ere, azpimarratu du txertaketa prozesua abian jartzeak «itxaropen handia» sortu duela, baina aitortu du aurtengo lehen hiruhilekoan aurreikusi baino askoz ere txerto gutxiago jaso dituela. «Horregatik guztiagatik, gure bizitza baldintzatzen ari den eta historikoa den pandemia ez da amaitu. Datozen hilabeteetan tunelaren amaieran argia ikusten hasiko garela espero dugu. Dena den, orain arte izan dugun zorroztasun eta erantzukidetasun maila berari eutsi behar diogu», dio, hitzez hitz, Jaurlaritzaren txostenak.

Gobernuak dio egoerak hobera egin duela baina aurrera begira «ziurgabetasuna nagusi» dela, eta ezin dela aurreikuspen argirik egin hurrengo hilabeteetako bilakaera epidemiologikoaz. Ildo horretan, ziurtatu du erabakigarria izango dela martxoko bigarren hamabostaldiaren eta apirileko lehen asteen bilakaera. Jaurlaritzak lau faktore aipatu ditu ziurgabetasun hori azaltzeko: birusaren aldaera berriak hedatzea «arriskua» dakarrela, martxoaren hasieratik ikusten den beheranzko joera moteldu egin dela, inguruko herrialde batzuetan islatzen ari den joerak gora egin duela, eta gizartea «lasaitzeak» eta egoera arintzeko prozesuak arinegi egiteak eragin negatiboa izan dezaketela.

Alde positiboen artean, Jaurlaritzak txertaketa aipatu du. Aurreikusitakoaren arabera, ekainerako txertatuta egongo dira 70 urtetik gorakoak, osasun langileak, kolektiborik ahulenak eta ezinbesteko langileak. Hala ere, Jaurlaritzak txostenean onartu du txertaketa prozesua nahi baino motelago doala, uste baino txerto gutxiago jaso dituelako.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.