Koronabirusa

Birusak ez du mugarik, txertoek bai

Txertoen patenteen liberalizazioa eztabaidagai izan da Bruselan, eta horren aldeko herritar ekinbide bat abiarazi dute 200dik gora eragilek, sendagaiak «oinarrizko eskubide» izan daitezen. Aurka dira Europako Batasuna eta AEBak, besteak beste.

Covax egitasmoaren bidez Boliviara iragan martxoan iritsitako txertoak. EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bi abiadura ditu COVID-19aren aurkako txertaketa prozesuak munduan: herrialde aberatsena, alde batetik, eta pobreena, bestetik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako datuen arabera, herrialde garatuetan lau biztanletik batek jaso du dosi bat gutxienez —portzentajea are handiagoa da Israelen, AEB Amerikako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan—. Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialde pobretuetan, aldiz, erritmoa askoz motelagoa da: 500etik bati jarri diote txertoa, batez beste. Herrialdeen arteko desoreka handituz doa, txertaketak aurrera egin ahala.

Ostegunean, Europako Parlamentuko Ezkerra taldeak —besteak beste, EH Bildu, Podemos, Ezker Batua, Die Linke, Sinn Feinn eta Syrizako legebiltzarkideak biltzen ditu— auzi horren gaineko bi zuzenketa aurkeztu zituen pasaporte immunitarioari buruzko eztabaidan: lehenengoan, txertoen gaineko patenteak eta jabetza intelektualeko eskubideak baliogabetzeko eskatu zuten, «txertoetarako sarbide unibertsala» bermatzeko; bigarrenean, patenteak behin-behinean askatzea, izurriak iraun bitartean. Eskaerek ez zuten aurrera egin, ezezko botoa eman baitzuten, besteak beste, PSOE, PP, Ciudadanos eta Vox alderdien ordezkariek.

Adierazpen eta eskaera institutzionalen gainetik, ordea, patenteen auzian zirt edo zart egiteko gaitasuna duen erakundea Munduko Merkataritza Erakundea da. Han, proposamena aurkeztua dute Indiak eta Hegoafrikak, txertoen patenteak behin-behinean liberalizatzeko. Orain arte, ehundik gora herrialdek babestu dute eskaera, baina kontra dituzte Europako Batasuna, AEBak, Japonia, Kanada, Suitza eta Brasil.

Iazko abenduan, bestalde, Right2Cure (sendatzeko eskubidea) izeneko herritar ekinbidea aurkeztu zuten osasunaren arloko 200 bat erakundek, pantenteen liberalizazioa eskatzeko. Sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak, osasun arloko profesionalak, ekintzaileak eta adituak biltzen ditu egitasmo horrek. Milioi bat sinadura bildu nahi dituzte, «Europako Batzordeak ondasun publiko unibertsal izaera aitor diezaien COVID-19aren aurkako txertoei eta tratamenduei».

Sinatzaileen arabera, «txertoa ezin da negozioa izan osasun larrialdiak irauten duen bitartean», eta, proposamena onartuko balitz, herrialde txiroek ere aukera izanen lukete txerto generikoak beren kabuz ekoizteko.

Farmazia enpresak, aurka

Farmazia enpresa handien lobby-ak ez du begi onez ikusi liberalizazioaren aldeko aldarria. Espainian, Farmaindustria elkartean ordezkatuta daude sektore horretako enpresa nagusiak. Talde horren arabera, munduan ez da txertorik falta, eta 2021ean ekoiztuko diren dosiak «nahikoak izanen dira munduko herritarren %70 txertatu eta talde immunizazioa lortzeko».

Farmaindustria elkarteko presidente Juan Lopez-Belmontek gaineratu du txertoak beste sendagai batzuk baino «askoz konplexuagoak» direla, eta, hortaz, pantenteak liberalizatzeak ez lukeela arazoa konponduko: «Txertoak ekoizteko gaitasun eta baliabide guztiak mobilizatu ditugu mundu osoan. Txertoak ekoiztea ez dago edozein herrialde edo farmazia konpainiaren esku; arazoa ez dira patenteak».

Jabetza intelektuala arautzen duten legeak behin-behinean baliogabetu beharrean, «konpainien arteko akordioak» sustatzearen alde azaldu da Lopez-Belmonte: «Orain arte, 260 itun sinatu dira txertoak garatzen dituzten konpainien eta sendagaiak ekoizteko gaitasuna duten enpresen artean. Akordio horiei esker, puntako ekoizpen teknologia eta baliabideak partekatzen dituzte konpainiek, baina hori guztia ezinezkoa izanen litzateke, jabetza industrialaren gaineko araudi argirik gabe».

Hortaz, txertoak herrialde pobretuetara helarazteko bide eraginkorrena «Covaxen gisako egitasmoak» direla uste du Farmaindustriako buruak.

Covax, helburutik urrun

Gavi Txertaketarako Aliantza Globalak, OME Osasunaren Mundu Erakundeak, CEPI Epidemietarako Prestatzeko Berrikuntzen Koalizioak eta Unicefek sustatuko programa da Covax. Txertoa baliabide ekonomiko gutxi dituzten herrialdeetara iristeko xedez sortu zen, eta, orain arte, 38 milioi dosi banatu dituzte 98 herrialdetan. Alta, egitasmoa urrun dago gutxieneko helburu gisa ezarritako kopurutik: 2.000 milioi dosi banatu nahi dituzte 2021 urte honetan.

Hain zuzen, Unicef erakundeko zuzendari Henrietta Forek adierazi du Covax dela «immunizazioa mundu osoan bermatzeko» bide eraginkorrena. Horrez gain, «txertoak eskuratzeko, ekoizteko eta banatzeko traba oro kentzearen alde» azaldu da, eta hiru urratseko bide orria proposatu du: lehenik eta behin, jabetza intelektualari buruzko eskubideen araudiak «sinplifikatzea», lizentzia «boluntarioak» emanda —ez du liberalizaziorik aipatu—; bestalde, «txertoen nazionalismoa» etetea, horretarako «sendagaien esportazioa blokeatu, mugatu edo mantsotu dezaketen neurriak kenduta»; eta hirugarrenik, behar baino dosi gehiago erreserbatu dituzten herrialdeak behartzea, soberan dituztenak eman ditzaten. «Hornidura bermatua duten herrialdeek planteatu beharko lukete dosien %5 Covaxi ematea, eta, horrez gain, urte osoan ekarpen gehiago egiteko konpromisoa hartu beharko lukete», azaldu du.

Patenteen aurka gogorrago mintzatu da Medicus Mundi elkartea: «Gaur egun, farmazia industriak sendagaiei ezartzen dizkien prezioak benetako kostua baino hamar, ehun edo mila bider handiagoak dira. Munduan garatzen diren ikerketa berritzaileen %70 laborategi publikoetan egiten dira, baina emaitza horiek kostu prezioan erosten dituzte enpresek, eta horiekin garatutako sendagaiak gehiegizko prezioan saldu». Are: diru publikoz finantzatutako ikerketak «herritarrentzat» izan beharko liratekeela gaineratu dute ohar batean: «Konpainia pribatu batek ez luke ahalmena izan behar txertoak edo tratamenduak nork eta zer preziotan jasoko dituen erabakitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.