Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako transmisioari buruzko datuek erakusten dute gaitza hanpatu egin dela nabarmen Hego Euskal Herrian. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak 800 positiboren langa gainditu du; zehazki, osasun agintariek emandako informazioaren arabera, atzo 874 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hegoaldean egindako probetan, eta, hain zuzen ere, maiatzaren 6tik erregistratutako kutsatu kopururik handiena da hori. Birusa harrotua da berriro, eta kutsatuen kurbak gorako bidea hartu du.
Atzemandako kasuak lurraldez lurralde aztertuta, hauek dira igandean egindako testen datuak: Nafarroan 507 positibo zenbatu ziren; Bizkaian, 178; Gipuzkoan, 146; eta Araban, 34.
Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruaren gaineko aldagaian ez ezik, positiboen ehunekoari dagokionez ere bada kezkarako arrazoirik. Hegoaldeko osasun sistemek emandako azken datuen arabera, herenegun 7.151 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta, beraz, %12 izan zen positiboen portzentajea. Nafarroako positibo tasa bereziki altua da: %27,5.