«Batera plataforma berriz heldu da!», hala iragarri du Ipar Euskal Herriko instituzio aitortzaren aldeko mugimenduak. Erran dute Batera-ko hainbat kide berriz biltzen hasi direla joan den apiriletik, eta, urriaren 26an, birsortze prozesu bat abiatzea erabaki zuten.
2002an sortu zen plataforma, lau aldarrikapenen inguruan: euskal departamendua, laborantza ganbera, euskararen koofizializazioa eta unibertsitate osoa. Azken urteetan, plataformak leku garrantzitsua izan zuen, besteak beste, Ipar Euskal Herrirako instituzio baten aldeko herri mobilizazioan.
2017ko urtarrilean Euskal Hirigune Elkargoa sortu ondoren, gobernantzari buruzko herritar audita bat antolatu zuen Batera-k 2018an, erakunde berriaren funtzionamenduari buruz. Eta 2019an foro bat egin zuen gai horretako espezialistekin, izan litezkeen bilakaera instituzionalak aztertzeko. «Euskal Elkargoaren zazpi urteko esperientziaren ondotik, aro instituzional berri baten gaia sortzen hasi da. Zergatik, nola? Nora joan? Zer dinamika sozial eta tresna horretarako?», galdetu dute. Galdera horiei erantzun nahi diete birsortze prozesuarekin.
Heldu diren aste eta hilabeteetan, harreman, trukaketa eta gogoeta ugari izango dituzte gizarteko zenbait sektorerekin eta hautetsirekin, udaberrian Biltzar Nagusi bat prestatzeko. Helburua izanen da instituzio eskakizun berri bat, estrategia baten lehen elementuak eta animazio talde berri bat eztabaidatzea.