Euskal presoak

Biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote Mikel Otegiri

Lehendik ere gaixotasun larri bat du, eta aske uzteko eskatu du Etxerat-ek.

Larri gaixo dauden presoen aldeko protesta bat, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 15a
14:41
Entzun

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Mikel Otegi euskal presoak biriketako tuberkulosia du. Lehendik ere, larri gaixo dauden hemeretzi euskal presoen zerrendan dago Itsasondoko (Gipuzkoa) presoa: «Sindrome koronario akutu bat izan zuen, eta belauneko osteoartritisa du, endekapenezko jatorri izan dezakeena», Etxerat-ek jakinarazi duenez. Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak Otegi aske uzteko eskatu du.

Otegik hogei urte daramatza espetxean, eta joan den astean urgentziaz ospitaleratu zuten Iruñean. Ospitalean, positibo eman zuen COVID-19an, eta koronabirus gaixoak dauden solairura eraman zuten. Gaitza gainditu ondoren, beste solairu batera eraman zuten, eta han dago geroztik. Egindako probetan oinarrituta, biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote.

Etxerat-ek eskatu du aske uzteko gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak, 70 urtetik gora dituztenekin batera: «Mikel Otegiri orain gertatu zaiona eta Gregorio Vicario presoari egin berri zaion premiazko esku hartzea bezalakoak berriro gertatu aurretik, osasunerako eskubidea bermatu behar da».

Euskal presoen eskubideen aldeko taldeak gogorarazi du Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluak herritarren osasuna bermatzeko eskubidea jasotzen duela, eta arrazoi horrengatik presoei zigorra etetea Espainiako Zigor Kodeak 80. eta 92. artikuluetan jasotzen duen neurri bat dela. Azkenik, azpimarratu du azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek eskatu dutela larri gaixo dauden presoak aske uztea, «hala nola OMEk eta Europako Kontseiluak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.