Atzo 37 urte bete ziren ETAk Clement Perret hil zuenetik. Biktimen Oroimenezko Gaisteizko Zentroak urteurrenaren berri eman zuen astelehenean sare sozialetan, eta «Frantziako industrialari» izendatu zuen, gerra zikinean izan zuen garrantzia aipatu gabe. Mezu horrek zeresana eman zuen, eta jende askok kritikatu zuen zentroa. Foro Sozial Iraunkorrak gerra zikinaren biktimak birbiktimizatzea egotzi zion atzo ohar baten bidez zentroari: «Clement Perreten kasuan ere, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Gasteizko Zentroak beste aukera bat galdu du Estatuaren biktimak ez birbiktimizatzeko. Izan ere, atzo, ETAk Perret hil zueneko 37. urteurrenaren bezperan, sare sozialetan argitaratutako mezuan, Memorialak ez du aipatu giza eskubideen urraketan izan zuen erantzukizuna, zehazki gerra zikinean».
Foro Sozialak gutun bat bidali zion uztailaren amaieran Florencio Dominguez Biktimen Oroimenezko Gasteizko Zentroaren zuzendariari, eta eskatu zion Meliton Manzanas, Clement Perret, Carrero Blanco eta antzekoei egiten dieten tratamendua berraztertzeko. Zentroaren patronatuan dauden erakundeei ere —Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Gasteizko Udala— esku hartzeko eskatu zien. Foro Sozialaren arabera, baina, ez dute inoren erantzunik jaso.
Ez da zentroak antzeko adierazpenak egiten dituen lehen aldia. Abuztuaren 3an, esaterako, inspektore soil gisa gogoratu zuen Meliton Manzanas. Iaz ere adierazpen bertsuak egin zituen bi pertsonon inguruan.
Birbiktimizazioa egotzi dio Foro Sozialak Biktimen Oroimenezko Zentroari
GAL eta BVE taldeen biktimei egin die erreferentzia Foro Sozialak. Clement Perret «Frantziako enpresari soil» gisa aurkeztu du zentroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu