Zailak izan ziren 1993ko hasiera haiek: Zalantza ugariri aurre egiteko laguntza gutxi jaso zuten lurrarekin zein animaliekin era ekologikoan lan egin nahi zuten baserritarrek. Duela 30 urte iritsi zen Europatik nekazaritza ekologikoaren lehen mugimendua. Garai hartan, sektorean ez zegoen eredu ekologikorik. Produktibitatearen bila ari zen, orduan, nekazaritza. Baserriaren erreleboa hartu zutenek eta beste alternatiba baten bila kaletik baserrira joateko pausoa eman zutenek, baina, beraien lana modu ekologikoan egiteko grina sentitu zuten. Ordutik, nekazaritza ekologikoaren sustapenean lanean dihardu Biolurrek. Bihar, 30 urteren ostean, elkarteak egindako ibilbidea ospatzeko elkartuko dira Biolurreko kideak Zestoan (Gipuzkoa)
Leire Ibarretxe Biolurreko kideak esplikatzen duenez, elkarteak hainbat helburu ditu: baserritarrek beren egunerokotasunean aurkitu ditzaketen zailtasunetan, «lantaldean laguntzea eta horretarako irtenbideak ematea», bakoitzari «modu pertsonalizatuan bere zailtasunak gainditzen laguntzea» eta baserritarren eta herritarren arteko zubilana eraikitzea. Elkarteak hiru helburu estrategiko dituela aipatu du Maider Zubikarai Biolurreko kideak: «Proiektu duin eta burujabea izatea, ekoizpena eta kontsumoa lotu eta kontsumo arduratsua bultzatzea, eta elkarlana sustatzea.
Biharko ospakizunaren harira, hainbat ekitaldi iragarri dituzte bertara bildu nahi duen ororentzat: bazkideentzako batzarra, «emozioz eta sorpresaz» betetako ekitaldia, Amillubirako bisita, bazkaria eta Monsanto Kilonboren kontzertua antolatu dituzte ospakizunerako, besteak beste.
Lurra zaintzaren garrantzia
Gaur egun, «elikagaiak geroz eta gehiago daude industriaren menpe», Zubikarairen ustez. «Donostian bertan dago enpresa bat bioteknologiarekin elikagaiak sortzen hasiko dena». Hori dela eta, elikadura burujabetzaren garrantzia azpimarratzen dute Biolurren: «Elikadura burujabetza da herri bakoitzak edukitzea elikatzeko eskubidea, jakinik elikagai hori nola ekoitzi den». Zubikarairen iritziz, elikadura osasuntsua izatea «eskubide unibertsala da». Elikadura burujabetzak ere berekin dakar «ingurumenaren zaintza».
Zubikarairen esanetan, klima krisiari eta energia krisiari aurre egiteko «alternatiba» da ekoizpen ekologikoa. Ibarretxeren iritziz, «logikoena» bertako elikagaiak kontsumitzea da; izan ere, «elikagaia da gizakiaren oinarri nagusia ». Horrela, zaintza bikoitza egiten dela baieztatzen dute: pertsonaren zaintza etaingurumenaren zaintza. Hori hobeto ulertzeko, pandemiaren adibidea jarri du Zubikaraik: «Kanpora atera ezin zenean, gertukoa kontsumitu dela ikusi da». Hori ulertzea garrantzitsua dela gehitu du: «Eredu ekologikoak ez du ekoizpenean soilik eragiten. Honek harreman batzuk eraikitzen ditu, herrietan sare bat eraikitzen du eta herria egiten laguntzen du». Beraz, Biolurrentzat, «eredu ekologikoa ez da zigilu bat soilik», balio agroekologikoetan lan egitea eta «salmenta gertukoa» izatea ere bada.
Erreleborik ez
Baserritarren eta laborarien kultura eta landa eremuaren balioa galtzen ari da. Horren harira, hiria eta landaeremua «geroz eta urrunago» daude, Zubikarairen iritziz; eta, ondorioz, «geroz eta baserritar gutxiago daude». Hori da gaur egun Biolurrek hizpide duen «arazo nagusia»: gutxik hartu nahi dute erreleboa. «Inplikazio pertsonala, lan karga eta nekazaritzarekiko gutxiespena» dira errelebo faltaren arrazoiak. Zubikaraik sumatzen duenez, gizartea landa eremuarekin lotuta dauden hainbat balio «galtzen» ari da. Digitalizazioak ere izan du eragina eredu ekologikoaren gai honetan: «Digitalizazioak azkartasuna ekarri du, eta landa eremuak naturaren erritmoan egiten du lan». Gauzak horrela, hiriaren eta baserriaren «deskonexio handia» dagoela ondorioztatu du Zubikaraik.
Erreleborik ematen ez dela ikusita, zer egin baserriak iraun dezan? Zubikarairen iritziz, «herriaren sostengua» eskaini behar zaie elikagaiak eredu ekologikoan ekoizten ari direnei: «Beraien lana bultzatu eta zaindu egin behar da». Haren ustez, bide horretatik etorriko da baserriaren etorkizuna.
Ibarretxeren esanetan, Biolurren etorkizuneko «erronkarik garrantzitsuenetariko bat» lur produktiboaren defentsa da: hau da, «lur produktiboak elikagaiak sortzeko gordeko direla bermatu eta baserriaren erreleboa agroekologiatik ematea».
Biolur: 30 urte herria zainduz
Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak 30 urte bete ditu. Urtemugaren harira ospakizun irekia egingo dute bihar Zestoako Iraeta frontoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu