Kapazitismoaren —desgaitasunen bat dutenen kontrako aurrejuzguak izatearen— aztarnak sektore guztietan daudela azaldu du Leire Idarraga (Algorta, Bizkaia, 1985) Bizkaiko Foru Aldundiko berdintasun teknikariak. Hortaz, sistema horrek eta indarkeria matxistak topo egiten dutenean, emakume anitzek «diskriminazio bikoitza» jasaten dute. Pertsona guztiak interdependenteak direla ulertzearen alde egin du, baita desgaitasunak dituztenek «beren ahultasunak» onartzearen alde ere. Bizkaiko Retina elkarteak antolatutako solasaldi batean eman ditu xehetasunak.
Indarkeria matxista jasan duten eta desgaitasunen bat duten emakumeek diskriminazio bikoitza pairatzen dutela azaldu duzu. Kapazitismoa izan daiteke horren oinarrietako bat?
Guztiz. Kapazitismoa sistema sozial, politiko eta ekonomiko bat da, zeinak ezgaitasunak ditugunak baztertzen gaituen. Normaltasun jakin bat eraikita dago gizartean: esaten digute zer den normala izatea, zer ezaugarri dituen pertsona normal batek, eta horretatik aldentzen den guztia diskriminatu egiten da. Ezgaitasuna oso lotuta dago produktibitatearen gaiarekin. Hau da, gure gizartean produktiboa ez dena ez da baliozkoa; merkatuan ez dagoenez, ez du botererik edo gaitasunik ezer egiteko.
Zeren gainean eraikitzen da sistema hori?
Genero sistema eraikitzen da estereotipo eta ideia batzuk oinarri izanda. Kapazitismoan ere identifikatu dugu badaudela ideia batzuk oso errotuta gerorako diskriminazio eta biolentzia hori eraikitzeko. Adibidez, oso joera estereotipatua da ezgaitasuna tragedia pertsonalari lotzea. Horrez gain, badago ikuspegi mediko-errehabilitatzaile bat ere: ezgaitasuna sendatu egin behar dela pentsatzean datza, normala den horretara hurbiltzeko.
Zer gertatzen da sistema kapazitista horrek matxismoarekin topo egiten duenean?
Emakumeoi, genero aginduek esaten digute ederrak eta gazteak izan behar dugula, zaintzaileak izango garela, eta amatasuna ere balio moduan esleitzen digute. Emakume ezgaitua zarenean, beste sistemak guztiz kontrakoa esaten dizu: «ezin duzu zaindu, eta amatasunerako zure rola kolokan dago». Irakaspen oso kontraesankorrak dira horiek: genero agindu horiek ikasten dituzu, baina, aldi berean, esaten dizute ez direla zureak, zu ez zarela emakumea.
«Genero aginduak ikasten dituzu, baina, aldi berean, esaten dizute ez direla zureak, zu ez zarela emakumea»
Zergatik da bortitzagoa indarkeria bi sistema horiek bat egiten dutenean?
Kapazitismoaren ondorioz, ezgaitasunen bat duten emakume askok autoestimu oso baxua dute, baliabideetara heltzeko aukera gutxiago, infantilizazio handia jasaten dute, eta irisgarritasun falta ere handia da; horrek guztiak biolentzia handiagoa eragiten du.
Testigantzak zalantzan jartzea ere gertatu ohi da. Ez zaigu hainbeste gertatzen ezgaitasun fisikoren bat dugunoi, baina gaixotasun mentalen bat duten emakumeak zalantzan jartzen dira beti. Adibidez, emakume gorrek hitz egin dezakete, baina igual beste modu batera egiten dute: eurek ikasi duten moduan, edo ahal duten moduan. Gerta liteke epaitegi batean edo zentro batean hitz egiten dutenean norbaitek pentsatzea ezgaitasun mentalen bat dutela, eta zalantzan jartzea haiek esandakoa. Beste gakoetako bat da infantilizazioaren ondorioz emakume askoren sinesgarritasuna kolokan jartzen dela. Horrez gain, bistakoa da, baina esan beharrekoa: batzuetan ezin dute beren burua defendatu.
Zer gertatzen da bikotekidea denean erasotzailea?
Batzuetan bikotekidea da erasotzailea, eta eraso egiten dizu, baina aldi berean zaindu ere bai, eta eguneroko bizitzako gauzak egiten lagundu. Hortaz, emakume askorentzat hori apurtzeak ahalegin handia dakar. Gainera, sistema kapazitista eta matxistekin lotuta, badago estereotipo jakin bat: gizon bat emakume ezgaitu batekin badago gizon hori ona dela. Zaintzen duten gizonak onak direlako. Hori emakume askori gertatu zaie: emakumeak salaketa jartzerakoan, zalantzan jarri izan dute gizona erasotzailea izatea, zaintzailea zelako.
Beste askotan gertatzen da indarkeria zigor bihurtzen dela: «Ez dizkizut zapatak jarriko», «ez dizut bainatzen lagunduko»; emakume bat bakartzea, hura ez zaintzea…
Indarkeria fisikoa eta psikologikoa alde batera utzita, sexualitatearen arloan ere gertatzen da?
Biolentzia handia jasaten dute emakume ezgaituek amatasunaren eta sexualitatearen inguruan. Kapazitismoaren bitartez sinetsarazi digute ez garela emakume desiragarriak, eta, hortaz, emakume ezgaituei askotan ezeztatu digute sexualitateari buruzko informazioa, edo praktika sexualak izatea, eta zera esan: «Zuk ezin duzu bikotekiderik izan» edo «zertarako nahi duzu horri buruzko informazioa?». Gainera, behin haurdun geldituta, emakume asko behartu dituzte abortatzera, eta arrazoia izan da umeak agian ezgaitasunen bat izango zuela edo emakume hori ez zela kapaza haurra zaintzeko.
«Kapazitismoaren bitartez sinetsarazi digute ez garela emakume desiragarriak, eta, hortaz, emakume ezgaituei askotan ezeztatu digute sexualitateari buruzko informazioa, edo praktika sexualak izatea»
Eta indarkeria instituzionala?
Oso ohikoa da hori jasatea. Emakume askok beren bizitzetako parte handi bat zentroetan pasatzen dute, eta arta ez da beti ona izaten. Indarkeria obstetrikoa eta ginekologikoa badago, aipatutako arrazoiengatik. Badira beste arazo batzuk ere: baliabideen irisgarritasuna, froga asko egitearen dinamika, medikazio asko ematea, orokorrean paternalismoa…
Inspirazio pornoaz ere mintzo zara. Zertan datza?
Stella Young aktibista australiarrak asmatu zuen terminoa, eta esan nahi du ezgaituon esperientziak erabiltzen direla ezgaitasunik ez duten pertsonak motibatzeko. Hau da, eguneroko gauzak ezgaitasunen bat duen norbaitek egiten baditu, aparteko bihurtzen dira, haiek egiten dituztelako. Pornoa deitzen zaio ezgaitasunen bat dugunon bizitzak eredutzat erabiltzen direlako, gu gauza bihurtzeko modu bat da, eta gure esperientziak erabiltzeko modu bat, besteak beren bizitzez kexatu ez daitezen.
«Ezgaitasunen bat dugunon bizitzak eredutzat erabiltzen dira, gu gauza bihurtzeko modu bat da, eta gure esperientziak erabiltzeko modu bat, besteak beren bizitzez kexatu ez daitezen»
Nola eraiki dezakegu antikapazitismoa feminismotik?
Lehenik eta behin, niretzat oso garrantzitsua da interdependentzia kontuan hartzea: esaten da zaindua bazara ezin duzula zaindu, baina hori ez da inoiz egia, denok zaintzen dugu. Ezgaitasunak aukera ematen digu zaintza behar dugula onartzeko, eta pertsona normatiboenak ere beharko du noizbait.
Itxi Guerra aktibista antikapazitista bat da, eta gure ahultasunak onartzearen alde egiten du; ideia hori ere gakoa dela iruditzen zait. Askotan bizi ditugu bizitza batzuk normalizaziorako bidean, eta batzuetan oso bortitza izan da, tortura hutsa emakume askorentzat. Itxik azaltzen du ezgaitasun bat duen gorputz batean bizitzea gorputz oso ikusgarri batean bizitzea dela, zeina, aldi berean, guztiz ikusezina edo ikusezin bihurtutakoa den. Harriduraz begiratzen zaie gure gorputzei, etengabe. Ezgaitasunen bat duten gorputz gisa hartzen gaituzte, toki batean deserosotasuna sortzen dugulako, ordena aldatzen dugulako. Gure gorputzak erregularizatzea, horiek normala edo estandarra den horretara aldatzea, besteen zaintzeko modua da, baina, egiaz, gure identitatea eta gure harrotasuna ezabatu besterik ez du egiten; gorputz gaixotzat hartzen dena sendatzen saiatzea da. Horri ere aurre egin behar diogu.
Mugimendu feministatik bertatik hasi beharko litzateke hausnarketa?
Kapazitismoaren aztarnak leku guztietan daude. Feminismotik interpretazio kritikoa eginda, bada garaia hau salatzeko: badago militante eredu bat ardura asko dituena, leku batetik bestera dabilena eragiten, ez dena gelditzen… Inork ez du guztiz betetzen eredua, eta jende asko kanpo uzten du. Aktibismoak oso exijenteak dira fisikoki, gainera. Iruditzen zait eremu berdinzalea beharko lukeena lehiakortasunerako eremu bihurtzen dela, produktibitatea helburu hartuta.
Horrez gain, askotan ez dira gure beharrak kontuan hartzen elkarretaratzeak, bilerak edo dena delakoak antolatzerakoan.
rETINA BEGISARE
Retina Euskadi Begisare elkartearen barnean dago Bizkaiko Retina taldea, Arabakoarekin eta Gipuzkoakoarekin batera. Arantza Uliarte da Bizkaiko taldeko burua, eta, azaldu duenez, erretinaren distrofia hereditarioak dituztenekin, eta ikusmen urria edo itsutasuna sortzen duten bertzelako gaitzak dituztenekin lan egiten dute.
Hiru arlotan aritzen dira, bereziki: «Kaltetutakoei eta haien inguruneari laguntzen diegu, erretina distrofia hereditarioaren ikerketa sustatzen dugu eta gizartea sentsibilizatzen dugu gure gaixotasunen inguruan». Azken lan ildo horren baitan antolatu zuten Idarragaren solasaldia, desgaitasunen bat duten emakumeek jasan dezaketen indarkerian arreta jarri, eta hori identifikatzeko zenbait gako emateko. «Oso harrera ona» izan zuela azaldu du Uliartek.