Biodibertsitate politikoaren bila

Hego Euskal Herriko berdeen koordinakundeak bat egin du Juantxo Lopez de Uraldek sortu duen Equo alderdiarekin. Azaroko hauteskundeei begira, herritarren ekarpenak jasotzen ari dira.

Lopez de Uralde, erdian, Hego Euskal Herriko berdeen hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, maiatzean. BERRIA.
jokin sagarzazu
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Lurralde bateko biodibertsitatea zenbat eta handiagoa izan, aldaketei aurre egiteko gaitasuna ere handiagoa izaten da. Horretaz sinetsita daude Equoko kideak, eta politikara ekarri nahi dute ekologiari lotu ohi zaion printzipio hori. Badakite ez dutela lan erraza izango, jokaleku politikoan leku bat egitea zaila delako; hala ere, uste dute berdeek politikan zer esana badutela eta, ekologia ardatz, egungo eredu ekonomiko eta soziala alda daitekeela.

Ekitatea eta ekologia dira Juantxo Lopez de Uralde (Donostia, 1963) buru duen «kooperatiba politikoaren» oinarri ideologikoak. Dagoeneko, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 30etik gora eragilek bat egin dute Espainiako Greenpeaceko zuzendari ohiaren proiektuarekin. Azaroaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartuko du Equok, eta Hego Euskal Herrian zerrendak aurkeztuko ditu.

Equok urrian egingo duen sortze batzarrari begira lanean ari dira proiektuarekin bat egin duten euskal eragileak. Lurralde bakoitzean koordinazio mahai bat osatu dute, eta batzar irekiak antolatzen ari dira, proiektuarekin interesa duten herritarrei informazio eman eta haien iritziak zein ekarpenak biltzeko. Proposamen horiek urriko batzarrean aurkeztuko dituzte, besteak beste, azaroko bozei begira Equok aurkeztuko duen programan jaso ditzaten.

Iñigo Agirre da Gipuzkoako mahaiko kideetako bat. Agirre Berdeak alderdiaren bozeramailea da, eta zinegotzi kargua du Mutrikun (Gipuzkoa). BERRIAri azaldu dionez, Hego Euskal Herriko berdeen koordinakundeak lehen unetik bat egin du Lopez de Uralderen proiektuarekin: «2008an Hondarribiko prozesua abiatuko genuenean, ikusi genuen eragile bakoitza bere aldetik ari zela lanean eta eraginkorrak izan nahi bagenuen, [Espainiako] Estatu mailako sare bat osatzea ezinbestekoa zela. Iritzi berekoa zen Lopez de Uralde, eta lanari ekin genion».

Agirrek gogorarazi duenez, iaz Nafarroan eginiko uda ikastaro berdeetan, «estatu mailako» antolakuntza bat osatzeko proposamena egin zuen Lopez de Uraldek, eta han zegoen Monica Frassoni Europako Berdeen bozeramaileak babes osoa eman zion egitasmo horri. Hainbat eragileren ekarpenei esker, proiektua forma hartzen joan zen, eta iazko irailean aurkeztu zuten Equo Fundazioa. Hainbat batzar egin ostean, eta proiektuaren helburu eta antolakuntza moduarekin bat egiten zutela ikusirik, Hego Euskal Herriko berdeen koordinakundeak bat egin zuen Lopez de Uralderen proiektuarekin, eta ekinaren 4an Equok egindako manifestuari atxiki zitzaion.

'Haserretuen' bidetik

Fernando Beltran poetak jarri dio izena proiektuari. Ekitatea eta ekologia, alderdiaren ideologiaren ardatzak, batuta. «Uste dugu hazkundean eta produktibismoan oinarritutako eredu ekonomiko honek ez duela zentzurik. Era berean, ditugun baliabide hauek guztion artean modu zuzenago batean partekatu behar direla defendatzen dugu». «Ez dago ekologia politikorik hori ez bada gizarte politikekin uztartzen», nabarmendu du Agirrek.

Equoko kideek ez dute ezkutatzen M-15 edo haserretuen mugimenduak alderdiaren sorreran izan duen eragina. «Ez gara boto- emaileak nahi dituen alderdi bat, alderdi bat sortu nahi duten boto-emaileak baizik», adierazi zuen Lopez de Uraldek joan den ekainean alderdia aurkezteko Madrilen eginiko agerraldian.

Alderdiaren oinarri politikoak, antolakuntza eredua eta hauteskundeei begirako proposamenakzehazteko dauden arren, Lopez de Uraldek eman du Equok egin ditzakeen proposamenen zertzeladaren bat. Ekologia, deshazkunde ekonomikoa, giza eskubide guztien errespetua, langileen eskubideen defentsa, arrazakeriaren aurkako jarrera, erabakitzeko eskubidea, zerrenda irekiak, Hauteskunde Legearen erreforma eta beste aipatu ditu Lopez de Uraldek orain arte egin dituen agerraldi publikoetan.

Azaroko hauteskundeei begira itxaropentsu agertu da, eta Equok bost diputatu lor ditzakeela uste du. Gaur egun berdeek ordezkari bakarra dute Espainiako Parlamentuan: Iniciativa per Catalunya Verds-eko Joan Herrera. ICV Equorekin batera aurkeztuko da Espainiako Hauteskunde Orokorretan. Hori dela eta, Lopez de Uraldek uste du Katalunian beste parlamentari bat lor dezakeela Equok. Hala ere, babes handiena Madrilen lortuko dutela sinetsita dago.

Oso bestelakoa da Hego Euskal Herriko egoera. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan 15.567 boto lortu zituzten berdeek. 1992tik, Ezker Batutik banandu zirenetik, hauteskunde batzuetan lortu duten emaitzarik onena izan da aurtengoa; hala ere, oraindik «oso indar txikia» direla aitortu du Iñigo Agirrek. «Euskal Herrian sentiberatasun handia dago gai hauen inguruan. Hala ere, ezin dugu konparatu Europa mailan alderdi berdeek duten pisua Euskal Herrian dugunarekin. Lan handia dugu egiteko, eta ez dugu amore emango», adierazi du.

Arrazoiak bilatzerako orduan, Euskal Herriko jokaleku politikoa «oso berezia» dela nabarmendu du Equoko kideak. Gatazka politikoa dela-eta alderdi politikoen agendan ekologiak ez duela lehentasunik dio. «Guretzat, ordea, ardatza da».

Agirrek, baina, nabarmendudu Equo ez dagoela Euskal Herriko errealitate politikotik at. Hala, «bakezaletasuna, giza eskubide guztien defentsa eta erabakitzeko ahalmena» aldarrikatu ditu. «Erabakitzeko eskubidea eta ardura herritar bakoitzari ahalik eta gehien hurbiltzea dugu helburu. Horrekin batera, norberaren nortasuna eta partekatzen dugun natur eta kultur ondareari gure errespetu eta babes osoa ematea, gure ondorengoek era berean parteka dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.