Txillardegi

Bingen Zupiria: «Txillardegi idazle eta hizkuntzalaria nekez uler daiteke politikari eta ekintzailea alde batera utzita»

Jasone Agirrek gogorarazi dio Txillardegi 1967an irten zela ETAtik, «ikurrinak ipini, pintaketak egin eta sinbolo faxistak deuseztatzen zituenean»

Javi West Larrañaga.
2022ko otsailaren 11
14:26
Entzun

EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkideak kargu hartu dio Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gaur eguerdian, Eusko Legebiltzarrean, hark Radio Euskadin urtarrilean egindako adierazpen batzuengatik. Horietan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi Rodolfo Martin Villa «politikari frankista kriminalarekin» parekatu zuela esan dio Agirrek, eta 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako sarraskien ardura izan zuela nabarmendu du. «Herri honi mina baino ekarri ez dion pertsona batekin parekatu duzu Txillardegi».

Agirrek esan dio «lotsa» ematen diola «Txillardegi nor zen eta herriari zer eman zion» azaldu beharrak, eta hark sortzen lagundutako euskara batuan hitz egiten ari zitzaiola. Gainera, adierazi du Txillardegi aitzindaria izan zela «hizkuntza eta politika lotzen normalizazioaren bidean», eta beste arlo batzuetan ere bai. «Kultura sailburu gisa, babestu behar duzun –eta, ziurrenik, maite duzun– euskal literatura modernizatu zuen», gehitu du.

Ikusi gehiago: Joxe Austin Arrieta Ugartetxea: Sinestezina, Bingen

Hitzaldian, Agirrek gogora ekarri du Txillardegi ETAren sortzaile intelektuala izan zela 50eko hamarkadan, «EAJren barrutik, zure alderdiaren barrutik, bere jarduna gainditu zuen frankismoaren aurka egiteko». Hori horrela, azpimarratu du Txillardegik 1967an utzi zuela ETA: «Frankismoaren gogorrenean, ikurrinak ipini, pintaketak egin eta sinbolo faxistak deuseztatzen zituen hasierako ETA hura». ETAk 1968an hil zuen lehenbizikoz.

«Kultura eta hizkuntza sailburu gisa Txillardegiri aitortza egitea historia zuritzea dela uste du sailburu jaunak?», galdetu dio Agirrek. Zupiriak erantzun dio esanez ez daukala asmorik Txillardegi zenaren inguruan eztabaidan hasteko, «dena esanda dagoelako», baina bere urtarrileko adierazpenak argitu nahi izan ditu: «Nik ez nuen Txillardegiz hitz egin nahi Radio Euskadiko elkarrizketa hartan, ez bainuen ulertu EH Bilduk Txillardegi hizkuntzalaria goratzeaz batera Txillardegi politikoa ezkutatzea. Horregatik esan nuen EH Bilduren ekimenean zuriketa ariketa bat ikusten nuela».

«Uste dut Txillardegi idazle eta hizkuntzalaria nekez uler daitekeela Txillardegi politikari eta ekintzailea alde batera utzita», erantzun dio Zupiriak Agirreri, eta gehitu du «ez duela ulertzen» zergatik ez zion EH Bilduk eman Gipuzkoako Urrezko Plaka aldundian agintean egon zenean 2011-2015 artean, «Gipuzkoako hizkuntzalaririk onenari».

Zupiriak esan du «zubiak eraikitzeko unea» dela, «indarkeriaren biktimak entzun eta biktimak gogoratzeko unea», eta ez «beste kontuetan trabatzekoa». «Komeni zaigu denoi gure iraganarekin bakeak egitea».

Aitortza Gasteizko biktimek, 1936ko Gerrakoek eta ETAren biktimek merezi dutela esanez amaitu du sailburuak: «ETAren biktima asko argibide bila dabiltza. Zenbat urte itxaron beharko dute? Ala argirik gabe haien memoria nola itzaltzen den ikusi behar ote dute? Ez al genuke argitasun eskari hau lehenetsi beharko bizirik gauden guztiok lehengoen, oraingoen eta hurrengoen minak leuntzeko?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.