Oskitz Pineda Baigorrotegi. Trans ez-binarioa

«Binarismora mugatzea konplikatzea da»

Emakume edo gizon izatea aukeratu beharra salatu du Pinedak. Trans ez-binario izateaz, ikusgaitasunik ezaz eta eskubideez mintzo da: «Gorputzen gaia landu beharko genuke».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Aratzuri
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Trans ez-binarioa da Oskitz Pineda Baigorrotegi (Lodosa, Nafarroa, 1991). Gizarteak alde bat —emakumea— edo beste bat —gizona— aukeratzera behartzen duela dio. Ez-binarioen kontrako fobiaren eta bifobiaren arteko loturez, ikusgaitasunik ezaz, gorputzez eta androginiaz mintzatu da.

Metafora batekin definitzen duzu trans ez-binario izatea.

Adreiluz osatutako pareta bat gara. Jendeak behartzen gaitu adreilu urdinak edo arrosak aukeratzera, baina adreilu bakoitza harri desberdin batetik dator. Pertsona batzuek adreilu urdin gehiago dituzte, eta gehiago definitzen dira gizon gisa; eta beste batzuek arrosak, eta emakume gisa gehiago identifikatzen dira. Baina beste pertsona batzuk ostadarren koloreez osatutako adreilu bat gara. Hori da ez-binarioa izatea. Ez gara sartzen tiradera eta kortse itxi horietan. Izan daiteke ez garelako batarekin zein bestearekin identifikatuta sentitzen edo denen nahasketa garelako.

Tiradera horietan sartzeko presioa dago?

Errealitatea sinplifikatzeko ikaragarrizko presioa dago; pentsa, jaio bezain pronto mediku batek genitalen arabera esaten dizu zein aldetara joan behar duzun.

Ez-binario izateak dakar berez trans izatea?

Bai. Pertsona trans bat izateak esan nahi du ez zarela zis; hau da, ez zatozela bat jaiotzean esleitutako generoarekin. Hortaz, ez-binarioa bazara, ez zaudenez ados jaiotzean ezarritako generoarekin, trans zara. Hala ere, pertsona batzuek nahiago dute etiketa hori ez erabili. Nire ustez, oso lotuta dago barneratutako transfobiarekin.

Ikusgaitasunik eza dago?

Bai, ikaragarrizkoa. Hala ere, geroz eta informazio eta erreferente gehiago daude. Nik ez nekien pertsona trans ez-binarioa nintzela, ez nekielako aukera hori zegoela. Bi aldeetan lekuz kanpo nengoen, eta ez nuen ulertzen zergatik. Uste nuen nire arazoa zela, ez nekielako ni bezalako pertsona gehiago zeudela. Desinformazioaren ondorio da.

Zer-nolako erreferenteak daude?

Kanpora begira gaude. Erreferenteak daude Euskal Herrian? Bai. Merezi duten garrantzia ematen diegu? Ez. Pena handia da ez diegulako aitortzarik egiten hemen ditugun aktibistei. Ikaragarrizko lana egiten dute.

Aurrerapausoak ematen ari al dira?

Bai. Esate baterako, Euskal Herrian pila bat hitz egiten dugu haur transen inguruan; atzenduak genituen. Lan handia egiten dugu kontatzeko haur transen hormona blokeatzaileen inguruan eta nerabezaroan sufrimendua nola txikitu.

Zer landu behar da?

Gorputzen gaia landu beharko genuke; hau da, ez dadila beharrezkoa izan norbaitek hormonak hartzea edo ebakuntzak egitea norbera izateko. Azkenean, nire disforia, beste batzuena bezala, ez da nirea, baizik eta gizartearena. Hau da, nik ez dut arazorik nire bularrarekin; arazoa da gizarteak ikusten duela eta ondorioztatzen duela emakumea naizela. Hortaz, besteek norberaren identitatea zalantzan ez jartzeko eta misgendering [pertsona bat berea ez den generoarekin identifikatzea] ez pairatzeko, jende askok kentzen du bularra. Ematen du trans izatearen helburua dela zis bat ematea.

Ez-binarioa izatea itxura androginoa izatearekin lotzeko joera dago?

Bai, argi eta garbi. Pertsona trans ez-binarioa izatea lotuta dago zuria, argala, androginoa eta jaiotzean gizona izendatua izatearekin. Batez ere hori ikusten da sare sozialetan, eta gazteek gehienbat hortik jasotzen dute informazioa. Jende askok uste du lekuz kanpo dagoela, bere gorputzak ez duelako bat egiten estandar horiekin.

Androginiara hurbiltzeak laguntzen du?

Azkenean, jendea nahasaraztea erakargarria da. Ez-binariook etengabe deseraikitzen ari gara, esateko ez diogula androginia inori zor, baina, halere, oinarrian horretara iristea da askoren xedea.

Zer gerta daiteke helburua hori bada?<

Horrek ezabatzen ditu ez-binarismoan dauden gainerako aukerak. Ez-binarismoa abaniko zabal bat da; profil bakar batera mugatzeak beste pertsonen existentzia ukatzen du eta pertsona horien kontrako indarkeria sustatzen du. Uste dut bide horretatik joatea ez dela ideia ona.

Genero estereotipoak apurtzen laguntzen du?

Pertsona ez-binario bat izateak berez eragiten du estereotipoak apurtzea, esan dizutelako beltza edo zuria aukeratu behar duzula, eta ezetz esatea ideia hori haustea delako. Hala ere, egia da, nahiz eta ez-binarioa izan, izan ditzakezula ikaragarrizko jarrera matxistak edo bestelako oso jarrera txarrak egunerokoan. Etiketa genero disidente bat izateak ez ditu jarrera batzuk desagerrarazten. Azkenean, norberaren deseraikitze prozesuari lotuta dago.

Zeintzuk dira ez-binarioen kontrako fobiaren ezaugarriak?

Lotura handia du bifobiarekin; azkenean, antzeko kirtenkeriak entzuten ditugu, etengabe esaten digutelako alde bat aukeratzeko. Jendeak espero du alde bat aukeratzea, baina mundu guztiak ezin du bat aukeratu, dena ez delako beltza edo zuria, gris pila bat daude. Jendeak esaten du dena konplikatzen ari garela, baina binarismora mugatzea existentzia konplikatzea da. Horrez gain, transfobiari lotuta dago: ez-binarismoa gorrotatzen duen jendeak transen eta disidente sexualen kontrako gorrotoa dauka.

Ez-binarioa izatea berria dela esateko joera dago?

Bai, hala esaten dute, baina pertsona ez-binarioak betidanik existitu dira. Ezin da errealitatea ukatu. Ez dugu inoren existentzia ezabatu nahi. Gu ezabatzen saiatu dira, baina hemen jarraitzen dugu, eta hemen jarraituko dugu. Libre eta lasai bizi nahi dugu.

Nola ikusarazi hori?

Ezagutzera emanez; adibidez, jendeak gazteleraz izenordainak nahasten dituenean, askok ez dugu jendea zuzentzen, azalpenik eman behar ez izateko. Edo familian armairutik mutil trans gisa ateratzen gara, ez dutelako ulertuko. Ez gara armairutik ateratzen etxerik gabe, familiarik gabe edo lanik gabe geratzeko beldur garelako. Beldur hori galtzen dugunean errazagoa da. Horretarako oinarrizko eskubideak behar ditugu. Etxetik hasita, denok kontuan hartzen gaituen trans legea lortzen badugu, aurrerapauso bat izanen da.

Nortzuk geratzen ari dira Espainiako Gobernua lantzen ari den trans legetik kanpo?

Lege horretatik guztiz kanpo gaude pertsona ez-binarioak, eta, beti bezala, pertsona trans migranteak. Adibidez, nortasun agirian sexua aldatzeko hilabete pila bat egon behar da hormonatzen, edo izena aldatzeko milaka prozesu burokratiko egin behar dira. Zergatik? Oinarrizko eskubideak izatea nahitaezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.