Iaz zabaldutako bideak segida izan du gaurkoan: ordezkaritza politiko zabal batek egin dio harrera alarde parekideari. Iazko argazkia, zenbait parte hartzaile aldatu badira ere, errepikatu egin da. Irungo alkatearen, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako kideen, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkarien, eta hainbat legebiltzarkideren agurra jaso du alarde ez-baztertzaileak. Emakunde eta Arartekoa ere hiriko balkoi esanguratsuenean izan dira emakume eta gizon soldaduen ikuskapenean. Gainera, inguruko herrietako hainbat kargu politikok ez dute galdu festa berdintasunean bizi dutenei oles egiteko aukera. Argazkia esanguratsua izan da, baikorra. Keinua. Ez erabateko keinua, ordea: EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek kasu egin diote alarde baztertzaileari.
Gaurko keinua harago joatea nahiko lukete, ordea, alarde parekidearen ordezkariek. Alarde publiko bakarra nahi dute. Alarde parekidearen antolatzaileek ohartarazi dute instituzioek ezer gutxi egiten dutela aldeko jarrera agertzeaz aparte: «Udaletxeko balkoira etortzen dira, ekitaldi horretan parte hartzen dute, baina gero ez dute ezer egiten». Sentipen hori dute. Dena dela, bidea egiten jarraituko dute Irungo kaleetan eta festa giroan, eta behar den guztietan urte osoan. 2.240 izan dira bide hori txapel gorriarekin egin dutenak.
Ikusi gehiago
Irungo Udaleko ordezkariek eta hautetsiek egin diote harrera alarde parekideari: Cristina Laborda alkateak (PSE-EE), Xabier Iridoik (EAJ), Oihana Brionesek (EH Bildu) Iñigo Manriquek (PP) eta David Nuñok (Elkarrekin Podemos-IU). Udal gobernuko kideak ere -denak PSE-EEkoak- izan dira udaletxeko balkoian.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, bertan izan da Eider Mendoza ahaldun nagusia (EAJ), baita Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea (EAJ) eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua ere (PSE-EE). Harrera ekitaldian parte hartu dute EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek, eta Oihana Etxebarrieta eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek, baita, besteak beste, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea ere. Elkarrekin Podemoseko kideen artean Pilar Garrido Euskadiko koordinatzaile nagusia eta Miren Etxebeste foru batzarkidea izan dira. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta harreran izan da, baita Manu Lezertua arartekoa ere. Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkidea ere udaletxeko atarian izan da.
Ikusi gehiago
Harreraren ondoren, Thania Pazos zinegotziak Irungo bandera eman dio Bidasoa konpainiako Iker Monterori udaletxearen atarian. Urduri, harro, emozioz jaso du hiriaren ikurra. «Gora Irun! Gora San Martzial! Gora alarde parekidea», oihukatu du banderadunak. Txalo zaparrada jaso du desfilean zeudenen eta balkoitik sotora jaitsi diren ordezkari politikoen aldetik. Bitartean, konpainietako kideen aldarria ozen entzun da San Juan plazan: «Emakumeak alardean!».
Udaletxean hainbatek egin dituzte adierazpenak. Hala ere, Laborda alkateak ez du hitz egiteko hauturik egin, ez behintzat alarde parekideari harrera egiteko unean. Balorazioak eta erreakzioak jaso ditu Bidasoko Hitzak.
Jarraian, Bidasoa konpainia udaletxeko arkupeetan sartu deneko bideoa, hiriko bandera jasotzera.