Biltzar Nagusiaren atarian, ABk gainditutzat jo du azken urteotako zatiketa

Alderdi eta militante abertzaleen esparrua nola egituratu aztertuko du ABk hilaren 10eko bilkuran, Uztaritzen

ABko Michel Alzibar eta Peio Etxeberri Aintzart, herenegun Baionan egindako agerraldian. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Abertzaleen Batasunaren iritziz, gainditua dago 2001. urtean alderdian izandako zatiketa, eta azken urteotan abertzaleek egin duten elkarlanaren ondorioz, abertzaleen eremua nola egituratu aztertuko du azaroaren 10ean Uztaritzen (Lapurdi) eginen duen Biltzar Nagusian. Michael Alzibar eta Peio Etxeberri Aintzartek aurkeztu dute Biltzar Nagusiaren egitaraua. Baina horretan sartu aitzin azken urte politikoaren irakurketa egin dute.

Abertzaleen Batasuneko bozeramaileen iritziz, azken urtea «gazi-gozoa izan da». Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren lehen urtemuga bete delarik, ETAk borroka armatua utzi arren Espainiako eta Frantziako estatuek gatazka gainditzeko bidean urratsik ez dutela egin azpimarratu dute. Joan den igandean Maconen (Frantzia) izandako atxiloketak hizpide harturik, Frantziak errepresioa indartu duela erran dute. «Bakea ezin da lortu alde batek —abertzaleek— urratsak egiten dituen bitartean bertze aldeak —Espainiako eta Frantziako estatuek— errepresioaren bidea hobesten badu». Horrela ezin dela segitu ondorioztatu dute ABko kideek, eta bi estatuak urratsak egitera deitu dituzte. Ildo berean, azaroaren 10ean Herrira mugimenduak Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu du ABk.

Biltzar Nagusiaren hastapenean, urte politikoaren bilduma bozkatu dute. 2011ko maiatzean Ficoban (Irun, Gipuzkoa) Euskal Herri osoko bost alderdi ezkertiar eta abertzaleek akordioa nazionala izenpetu zuten. «Ipar Euskal Herrian akordio hori denboraz aztertzea eskatu genuen, eta orain urrats bat egin behar da, alderdi abertzaleen arteko elkarlana egituratzeko», nabarmendu dute Alzibarrek eta Etxeberri Aintzartek. Funtsean, Ipar Euskal Herrirako hitzarmena Hego Euskal Herrian lortu zen akordioa estrategikoaren «deklinazioa» izanen dela ziurtatu dute.

Ildo horretan, Batasuna, EA eta ABk abertzaleen arteko eremua egituratzea lukete helburu Ipar Euskal Herrira begira eginiko akordio. ABren barruan helburu horretara heltzeko hainbatpentsaera daudela onartu dute Alzibarrek eta Etxeberri Aintzartek. Baina azaldu dute azaroaren 10eko Biltzar Nagusianmozio bakarra izanen dela, eta ez dutela zalantzan jartzen eremu horren egituratzea, baina noiz eta nola galderei erantzuteko zenbait bide daudela nabarmendu dute.

Abertzaleek hainbat arlotan egin duten lanaren bilduma eginen dute, beraz, ABko kideek. Abertzaleen arteko akordioaz gain, Biltzar Nagusian aztertuko dituzte errepresioaren aurkako borroka, hauteskundeetako emaitzak, gatazkaren konponbidean egindako urratsak eta eraikuntza nazionalak dakarren erronka, besteak beste. 2014 eta 2015eko hauteskundeetan nola jardun ere aztertuko dute

Paradoxa historikoa

Bestalde, aste honetan Manuel Valls Frantziako Gobernuko Barne ministroak egindako adierazpenak gogor gaitzetsi ditu ABk. «Ipar Euskal Herriak instituzio bat eskatzen du, eta galdea bera ez bada zilegi, ez badute onartzen, arazoa erakusten du arazorik ez dagoela diotenen artean». Nabarmendu du azken 30 urteotan gobernuak aldatu direla, baina instituzioaren gaia ez da aitzinatu. «Vallsen jarrera nagusitzen bada, Frantziako gobernuaren ordezkariek jakin beharko dute ez direla ongietorriak Euskal Herrira».

Ipar Euskal Herriko EAJk ere gogor kritikatu ditu Vallsen adierazpenak. Komunikabideei igorritako agiri batean erran du «onartezina» dela «garapen tresna bat —Lurralde Elkargoa— terrorismoarekin lotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.