Memoria Demokratikoaren Legea baliatuta, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agindu du frankismoan ordainsariak eta dominak eman zizkieten poliziei horiek kentzeko. Horien artean dago Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankista, atxilotuei eginiko torturengatik ezaguna eta duela bi urte hil zena.
Rodolfo Martin Villa ministro frankistak Poliziaren merituaren domina eman zion Gonzalez Pachecori; denera, lau domina jaso zituen bere ibilbide profesionalean; horiei esker, pentsioa %50 igo zioten. Orain, kendu egingo dizkiote ordainsariok, hilda dagoenean. Duela bi urte zendu zen, COVID-19aren ondorioz.
Frankismoa amaituta ere, Espainiako Poliziari lotuta jarraitu zuen Gonzalez Pachecok, 1981ean Espainiako Polizia Judizialera igaro baitzen. Urtebete geroago utzi zion polizia izateari. Handik aurrera, segurtasun arduradun gisa jardun zuen zenbait enpresa pribatutan.
Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez, urritik indarrean den Memoria Demokratikoaren Legearen aplikazioaren eraginez kenduko dituzte erregimen frankistak emandako ordainsariak. Horiek erretiratuko dituzte, azaldu duenez, frogatuta baldin badago poliziek, lehenago edo geroago, halakoak jasotzearekin bateragarriak ez diren ekintzak egin zituztela. Efe berri agentziak, Poliziako iturriak aipatuta, jakinarazi du gutxienez zazpi espediente dituztela identifikatuak; lau Guardia Zibilarenak, eta hiru Espainiako Poliziarenak.
Joan den astean, Billy el Niño-ren hamahiru biktimak Espainiako Barne Ministerioari eskatu zioten emandako sariak kentzeko. Gutun batean, gogorarazi zuten polizia ohia «frankismoaren totalitarismoaren aurka eta askatasunaren alde altxatu zirenen torturatzaile ezaguna» izan zela, eta salatu haren ekintzak ez direla bateragarriak «balio demokratikoekin eta giza eskubideekin».
Billy el Niñori dominak kentzeko agindu du Espainiako Gobernuak
Frankismoan polizia izan zen Gonzalez Pacheco, eta lau domina eman zizkioten. 2020ko maiatzean hil zen, koronabirusak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu