Aste honetan bertan behera utzi zituzten lanuzteak, baina datorren astean protestei berrekingo diete. Zehazki, astearteetan eta ostegunetan lan egiteari utziko diote, 06:00etatik 08:30etara bitartean. Oraingoz, mobilizazio hori iraunkorra izango dela aurreratu du TCC Moventiseko langileen batzordeak.
Asteazkenean Iruñerriko Mankomunitatearekin bildu ziren, eta gaur, TCC Moventis enpresarekin. Lan hitzarmena negoziatzen ari dira, eta baldintza hobeak eskatzen dituzte —besteak beste, lanorduetan komunera joateko eskubidea—. Autobusen egoera txarrarekin ere kezkatuta azaldu dira langileak.
Bileretatik atsekabetuta atera dira langileen ordezkariak, gatazka konpontzeko borondate falta sumatu dutelako bi bileretan. Mankomunitateak helarazi zien haiek ezin dutela ezer egin. Langileek, berriz, gogorarazi diote zerbitzua adjudikatzeko orduan TCC Moventisek bere prezio eskaintza %14 apaldu zuela. Sindikatuek ohar bidez aipatu dutenez, Iruñerriko Mankomunitateak esan zien hori enpresaren erantzukizuna dela.
Enpresarekin eginiko bileran, berriz, atzera bota dizkiete batzordeak mahai gainean jarritako proposamen guztiak .
«Pasibotasun hori ikusirik», erabaki dute lanuzteekin aurrera jarraitzea. Mankomunitateak orain arte %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, baina goizean goiz herritar askok erabiltzen dute hiri garraioa, eta atzerapen handiak sortu izan dira orain arteko lau egunetan. Langileek barkamenak eskatu dizkiete herritarrei eragozpenengatik, baina nabarmendu dute kalitatezko garraio publikoaren alde ari direla borrokan.