Billabesetako gidariek aste honetan ez dute lanuzterik egingo. Iruñerrian hiri garraioaren zerbitzua eskaintzen duen TCC Moventis enpresako langileen batzordeak erabaki du lanuzteak bertan behera uztea, «borondate oneko keinu» gisa.
Asteazkenean, David Campion Iruñerriko mankomunitateko presidentearekin bilduko dira. Bi egun geroago, ostiralean, zerbitzu hori adjudikatua duen enpresako arduradunekin bilduko dira. Langileek uste dute «aurrerapauso bat» dela bi erakunde nagusiak eurekin biltzea.
Lan hitzarmen «bidezko» bat aldarrikatzen ari dira langileak. Kexu dira, besteak beste, autobusen egoera kaskarragatik eta gidariek ez dutelako aukerarik komunera joateko ibilbide gehienetan. Zerbitzua ere okertzen ari dela uste dute.
Negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute. Batzordeak kritikatzen du urtebete daramatela lan hitzarmena berritu gabe. Bitarte luze horretan hamabi hilabete egin dituzte, baina korapiloa ez da askatu.
Presio egiteko asmoz, azken bi asteetan, astearte eta ostegun goizeko lehen orduetan, lanuzteak egin dituzte billabesetako gidariek. %60 gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren deialdi horietan, eta egun horietako lehen orduetan atzerapen handiak egon ziren zerbitzuetan.