Billabesako autobus zerbitzuetan atzerapenak izan dira goizean, langile batzordeak deitutako grebaren eraginez. 6:00etan hasi dira lanuzteak, eta 8:30 arte iraun dute. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, autobusen %60, baina, zerbitzuaren erabilera handiko orduak izanik, atzerapenak izan dira linea guztietan. 10:00etan zerbitzua bere onera itzuli dela jakinarazi du mankomunitateak. Gaurko lanuzteak 83.000 bidaiariri eragin diela jakinarazi du.
Billabesak Iruñeko eta Iruñerriko hamazazpi udalerriri ematen die garraio zerbitzua, eta egunez 25 linea ditu. TTC enpresak kudeatzen du zerbitzu publiko hori, eta langileen batzordeak lan hitzarmen duin bat aldarrikatzeko iragarri ditu lanuzteak. 6:00etan, langile batzuek protesta egin dute Ezkaban, autobusak ateratzen diren lekuan.
OHARRA #GrebaEHGan - 07:15 h – Atzerapen orokortuak #EHG Eskualdeko Hiri Garraioko linea guztietan. Aurreikusten da zerbitzuak 09:00ak eta 10:00ak artean berreskuratuko duela normaltasuna.
— MCP_info (@MCP_info) February 18, 2025
Gaurko ez ezik, ostegunerako ere deitu dute ordu batzuetako lanuztea egitera. Langile batzordeak jakinarazi duenez, negoziazioetan aurrerapausorik egon ezean, gaurkoaren moduko lanuzteei eusteko prest daude bi astez. Langileek salatu dute urritik ez direla enpresarekin bildu; atzo elkartzekoak ziren, baina enpresak bertan behera utzi zuen bilera, lanuzteak iragarri dituztela argudiatuta.