Billabesako autobusen %86k matxuraren bat edo mantentze lana falta dutela salatu dute langileek

Duela bi urtetik hona Iruñerriko garraio publikoaren egoera larria dela eta, «berehala konpontzeko» exijitu diete TCC enpresa kudeatzaileari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

Billabesako autobusek Iruñerrian ematen dute zerbitzua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Billabesako autobusek Iruñerrian ematen dute zerbitzua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ANDOAIN
2025eko urtarrilaren 17a
15:00
Entzun

Billabesa Iruñeko autobus publikoen baldintzak kaskarrak direla salatu du TCC enpresako langile batzordeak. Hori dela eta, egoera «berehala konpontzeko» exijitu dute. Billabesak Iruñeko eta Iruñerriko hamazazpi udalerriri ematen die garraio zerbitzua, eta TCC Transports Ciutat Comtal enpresaren ardurapean dago 2009tik, kontzesio baten bitartez. Moventis enpresaren adar bat da TCC. 

Langile batzordeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, langileek aldizkako azterketak egiten dituzte matxurak eta akatsak aurkitzeko. Abenduaren erdialdean egin zuten azkena, neguko oporraldiaren aurretik, eta antzeman zuten ibilgailuen %86k zituztela matxurak eta mantentze lanaren falta. Aurreko emaitzekin alderatuta egoera larritu dela salatu dute.

Aurreko azterketaren emaitzak iazko ekainaren amaieran jakinarazi zituzten; orduan, hamar autobusetik zortzik zuten gabeziaren bat: aire giroturik ez edukitzea, mugitzeko gaitasuna mugatua dutenentzako arrapalek ez funtzionatzea, motorrak huts egitea, autobus barruan dardara handia nabaritzea, klaxonak ez funtzionatzea, ateek huts egitea, gurpilak higatuegi egotea —«erlieberik gabe»—, helduleku gisa trapuak erabiltzea...

«Lotsagarria»

Gidariek ohartarazi dutenez, hainbat autobusetako ateen balaztek, berogailuek eta beste pieza batzuek ez dute funtzionatzen. Horren ondorioz, langileek baldintza ezegokietan eta arriskutsuetan aritu behar izaten dute: «Lotsagarria da nola atera behar dugun goiz askotan zerbitzua ematera».

Egoera ez da berria. Langile batzordeak azaldu duenez, bi urte dira egoera kaskarra pairatzen dutela, eta denbora tarte horretan egin dituzten azterketen berri eman diete enpresa kudeatzaileari eta Iruñerriko Mankomunitateari. Salatu dutenez, ez batak ez besteak ez dute ezer egin egoera hobetzeko.

Gidariek ez ezik erabiltzaileek ere egoera larri hori pairatzen dutela adierazi dute: «Segurtasuna, garbitasuna eta erosotasuna ez dira behar bezalakoak». Zerbitzu bereziak jarri izan dituzte eskolako sarrera eta irteeretan, badakitelako erabiltzaile gehiago izaten direla ordu horietan. Autobusen matxurak direla eta, ordea, ezin dituzte zerbitzu horiek eskaini, eta, ondorioz, «jendea pilatu egiten da; batzuk ez dira sartzen, eta hurrengo zerbitzuaren zain gelditu behar dira. Atzerapenak sortzen dira», esan du langile batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.