Iruñerrian ere doakoa izanen da hiri garraio publikoa 14 urte arteko gaztetxoentzat. Iruñerriko Mankomunitateak garraio ordenantza berria onartu zuen atzo, Espainiako Garraio Ministerioak iragarritako laguntzak aplikatu eta tarifa berriak ezartzeko. Horiek horrela, haurrentzako tarifa berezia sortu dute 5 eta 14 urte artekoentzat: erabiltzaile horiek ez dute deus ordaindu beharko billabesen zerbitzua erabiltzean. Gazteentzako tarifaren deskontuari ere eutsi dio mankomunitateak: hortaz, 15 eta 30 urte artekoek erdi prezioan ordainduko dute billetea. 5 urtetik beherakoentzat doakoa zen zerbitzua lehendik ere.
Tarifa berriak indarrean izanen dira uztailaren 1ean hasi eta gutxienez urte bukaerara arte. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campionek adierazi duenez, ordea, baliteke apur bat aurreratzea deskontuak aplikatzen hasteko eguna, espero baitute haurrentzako txartel berriak eskuratzeko eskaera ugari izatea uztailaren 1erako. Gainera, tarifa berriak Iruñeko sanferminen atarian sartuko dira indarrean, eta horrek ere eragin dezake sistemak gainezka egitea. Iruñerriko Mankomunitatearen arabera, gutxi gorabehera 20.000 haur izanen dira doako zerbitzuen onuradun.
Garraio txartela erabiltzen dutenek ere deskontua izanen dute, baina apur bat apalagoa izanen da aurrerantzean: %40koa —%50ekoa zen orain arte—. Hala, eguneko tarifa orokorra 0,50 eurokoa izanen da, eta gauekoa, 0,73 eurokoa. 65 urtetik gorakoek eta desgaitasun handiren bat dutenek 0,23 euro ordainduko dituzte; familia ugariek eta guraso bakarrekoek, 0,35 euro; eta gizarte bazterketa jasaten dutenek, azkenik, 0,12 euro.