Urdaibaiko Guggenheim museoaren (Bizkaia) proiektuari buruz hausnartzeko bi urteko aldiaren iragarpenak mezu kontrajarriak eragin ditu EAJk kudeatutako erakunde publikoetan, baita alderdi barruan ere. Idurre Bideguren EH Bilduko senatariaren ustez, egitasmoaren inguruan jeltzaleek agertutako zalantzek eta kontraesanek adierazten dute EAJren «kudeaketa eredua zaharkituta» dagoela, eta, beraz, «errejenerazio politikoa inoiz baino beharrezkoagoa» dela: «Kudeaketa krisi berri bat ikusi dugu, eta auskalo EAJko lehendakarigaiaren izendapenaren ondoriozko barne krisi berri baten aurrean ez ote gauden».
Astelehenean iragarri zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak bi urteko etena, argudio hartuta, besteak beste, Solomon R. Guggenheim fundazioaren zuzendaritza aldaketa. Erabaki horri, ordea, EAJtik bertatik ere egin dizkiote kritikak. Itxaso Atutxa BBBko buruaren hitzetan, egitasmoa «ez da geldiarazi, ezta hoztu ere». Eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputatuak ere adierazi du proiektua aurrera doala; Urkulluren zalantzez galdetuta, hona erantzuna: «Lehendakariak berak eman beharko ditu azalpenak».
EAJren Eusko Legebiltzarreko taldeak, berriz, legez besteko proposamen bat aurkeztu du asteon parlamentuan, Busturialdea suspertzeko plan bat lantzeko eskatzeko. EH Bilduk ohartarazi du agiri horretan ez dela aipatzen Guggenheim museoa, eta legebiltzarrerako hauteskundeekin lotu du: «Duela hilabete gutxi egindako udal eta foru hauteskundeetara, Urdaibaiko Guggenheim Busturialdea biziberritzeko proiektu nagusitzat hartuta aurkeztu zen EAJ».
Gernikan eginiko ekitaldi batean esan ditu hitzok Bidegunerek, eskualdeko alkate batzuek babestuta. «Zorroztasuna eta seriotasuna» galdegin diote EAJri, baina eskua ere luzatu diote, akordioak lortzeko: «Gure eskualdeak ezinbestekoa du biziberritzea, eta ezin da egon EAJren barne edo kudeaketa krisien mende. Eskualde honen etorkizuna markatuko duten proiektu estrategikoak eskualdeko erakundeekin, eragileekin eta jendearekin hitz eginez eta adostuz aurrera atera behar ditugu. Argi daukagu Busturialdearen etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki».