EH Bilduren kongresua otsailaren 8an amaitzea proposatuko du koalizioaren Mahai Politikoak

Larunbateko Konferentzia Politikoan berretsi beharko dute proposamena koalizioko militanteek. Hartan, kongresuko prozesuaren araudia onartuko dute.

Arnaldo Otegi, aurreko astean egindako agerraldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Arnaldo Otegi, aurreko astean egindako agerraldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko irailaren 16a
19:05
Entzun

EH Bilduk asteburuan egingo du koalizioaren Konferentzia Politikoa, eta bertan adostuko dituzte kongresuko prozesuaren ingurukoak; tartean, baita hura non eta noiz egingo duten ere. Hain zuzen, EH Bilduren Mahai Politikoak gai hori izan du hizpide gaurko bileran, eta proposatuko du EH Bilduren III. Kongresua otsaileko bigarren asteburuan bukatzea, Iruñean. Hartara bitartekoak «lasai» hartu nahi ditu koalizioak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azaldu zuenez, azken hauteskunde emaitzek horretarako aukera ematen dietela argudiatuta.

Astelehenero bezala, Donostiako EH Bilduren egoitzan elkartu da Mahai Politikoa, eta ontzat eman du larunbatean militantziak berretsi beharko duen kongresuko prozesuaren araudia. Hain zuzen, Tabakaleran egingo duten Konferentzia Politikoarekin ekingo diote prozesu horri. Kongresuko eledunak ere zehaztu dituzte: Unai Urruzuno koalizioko Politika Instituzionaleko arduraduna eta Miren Zabaleta Nafarroako arduradun politikoa.

EH Bilduk ohar bidez jakinarazi dutenez, Mahai Politikoaren xedea da otsailaren 8an batzar bat egitea hurrengo Mahai Politikoa osatuko duten kideak bozkatzeko eta haiek izendatzeko. Hain zuzen, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azken hilabeteetan adierazi du kargu horretan jarraitzeko asmoa duela. Era berean, baina, proiektua «berritzen» jarraitzeko asmoa azaldu zuen aurreko astean egindako agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.