EH Bilduren Mahai Politikoak Eba Blanco proposatu du Eusko Legebiltzarreko presidentetzarako

Mahai Politikoak Nerea Kortajarena proposatu du talde parlamentarioaren bozeramaile izateko. Militantziak ostiralean eta larunbatean bozkatuko du hautagaitzen inguruan.

Eba Blanco, Arabako zerrenda aurkezteko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eba Blanco, Arabako zerrenda aurkezteko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 11
13:00
Entzun

Lehendakarigaia eta hiru lurraldeetako zerrendak baieztatu ostean, EH Bilduren Mahai Politikoak argitu du nor izango diren Eusko Legebiltzarreko Mahaia eta taldearen koordinazioa zuzentzeko hautagaiak. Jakinarazi dute Eba Blanco EAko idazkari nagusi eta Arabako zerrendako bigarrena izango dela Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia. Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburua, berriz, talde parlamentarioaren bozeramaile izateko hautatu dute.

EH Bilduk lehen aldiz aurkeztu ditu kargu horietarako hautagaiak kanpainaren aurretik, militantziaren onespena izan dezaten. Hala, militanteek ostiralean eta larunbatean bozkatu beharko dute hautagaitzak berresteko. Blanco eta Kortajarena EH Bilduren Mahai Politikoko kideak dira, eta jada izan dituzte ardura postuak Eusko Legebiltzarrean.

Blanco EAko idazkari nagusia da 2019tik. Era berean, EH Bilduren legebiltzarkidea da 2012tik, eta koalizioak Eusko Legebiltzarreko Mahaian izan duen ordezkari nagusia 2016tik; legebiltzarreko presidenteordea izan da azken bi legealdietan. Kazetaritza ikasketak ditu, eta itzulpengintzan aritua da, baita zineman eta telebistan bikoizketa lanak egiten ere. Koalizioak jada jakinarazia zuen Blanco Arabako zerrendako bigarrena izango dela apirilaren 21eko bozetan; hain zuzen, Pello Otxandiano lehendakarigaiaren atzetik.

Kortajarena, berriz, Gipuzkoako zerrendaburua izango da bozetan, eta, militantziak hala berresten badu, EH Bilduren taldeko bozeramailea boz horietatik aterako den Eusko Legebiltzarrean. Azken legealdian ere presentzia nabarmena izan du legebiltzarreko lanetan. Izan ere, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai aurkeztu zenean, Kortajarenak hartu zuen bozeramailetza. Kortajarena gizarte langilea da, eta 2016an iritsi zen Eusko Legebiltzarrera.

Barrena, berretsita

Asteburuan, Europako Parlamenturako bozetara begirako urratsa ere egin zuen koalizio subiranistak. Militantziak Mahai Politikoaren proposamena berretsi zuen, %96,2ko babesarekin, eta, hala, Pernando Barrena izango da boz horietarako hautagaia. Barrena europarlamentaria izan da azken legealdian, eta zerrendan dira EH Bilduko beste zenbait aurpegi ezagun ere: hala nola Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatua, Bakartxo Ruiz Mahai Politikoaren bozeramaile ohia eta Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako eleduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.